2020ko Ferixa Nagusiko jaiak uztailaren 2tik 5era ospatzekoak ziren, eta jai batzordeak aurreko astean aukeratu zuen jaiak iragarriko zituen kartela. COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, ordea, ez dira antolatuko.
Gaur eman du erabakiaren berri Elgetako jai batzordeak. "Aurreko asteetan aritu gara erabakia lantzen nahi genuelako egotea bai jai batzordeetan parte hartu izan duen jendearekin, bai herriko elkarteekin eta ostalariekin. Denbora tarte bat hartu dugu jendearen iritziak eta ekarpenak jaso nahi genituelako", adierazi du Lazkanok.
Jasotakoen artean askotariko iritziak daudela adierazi du alkateak, baina orokorrean jendeak ulertzen duela ez dagoela jaiak bertan behera utzi beste erremediorik. "Ikusten dugu ezin ditugula jaiak antolatu segurtasun eta distantzia kontuak bermatuz. Tabernariek antzerako zerbait esaten zuten. Erabaki honek eragina izango du, baina kontuan edukita tabernek ere hainbat lege bete beharko dituztela jaiak antolatzeak zailtasunak ere ekarriko lituzke".
Hala, 2020an ez dela Ferixa Nagusiko jairik antolatuko esan du alkateak. "Kontziente gara edozein programazio antolatzen baldin badugu jende pilaketak egongo direla. Azken aste pare honetan ikusi dugu beste herri batzuetan zer gertatu den nahiz eta jaiak bertan behera egon eta antolatutako ekitaldirik ez egon. Programazio bat egiten badugu, nahiz eta oso arina izan pilaketak egongo dira, eta ikusten dugu hori saihestea zaila dela".
Jaien antolakuntzan parte hartzen duten boluntarioak ere gogoan izan dituzte erabakia hartzerakoan. "Jaietan lanean ibiltzen diren boluntarioek nahikoa lan izaten dute bestela ere gainetik jendearen segurtasuna, distantziak mantentzearen ardura eta halakoak gehitzeko. Ikusten dugu ezin dugula hori bermatu".