Joaquin Beltranen eta Alberto Sololuzeren oroimenez lore eskaintzak egiteko gunea, herriko plazan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 6a, 14:48

Lore eskaintzak egiteko gunea, eguerdian, herriko plazan.

Gaur betetzen dira hiru hilabete Eitzagako zabortegian luizia gertatu zela. Ordutik, lur azpian daude Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Loreak eta kandelak daude ipinita Elgetako plazan, eta eskaintzak egiteko guneak zabalik jarraituko du iluntzera arte. 20:30ean bost minutuko burrunba dago deituta.  

Zaldibar Argitu plataformak deitutako mobilizazioak dira. Deialdi berdina dago eginda Zallan, Markiña-Xemeinen, Ermuan, Zaldibarren, Eibarren eta Mallabian. Zallan, gainera, txalo jotzea deitu dute senideek 17:00etarako, eta plataformak bat egingo du horrekin.

Elgetako Mendizaleen Plazan gertu dago lore eskaintzak egiteko gunea. Zaldibar Argitu. Langileak, osasuna, erantzukizunak dioen pankarta dago udaletxera sartzeko lehen eskailera-mailetan eta eginda daude lehen lore eskaintzak. Kalak, margaritak, arrosak... askotariko loreekin egindako lore-sortak daude. Lore gehienak naturalak dira baina paperarekin eskuz egindakoak ere badaude.

Gunearen erdian Zaldibar Argitu plataformaren ikurra, desagertuta dauden bi langileen izenak jasotzen dituen buztinezko eta zurezko eskultura eta bi kandela daude. Gunea iluntzera arte egongo da zabalik.

20:30ean burrunba

20:30ean, bost minutuko burrunba egiteko deia egin dute deitzaileek. Jarraian, bi kandela piztu eta Zaborrezko munstroa kantua ipintzera gonbidatu dute jendea. Egunean zehar egindako lore eskaintzetan eta langile bien omenezko beste ekitaldietan egindako argazkiak sare sozialetan partekatzeko deia egin dute, #zaldibarargitu eta #joaquinetaalbertogogoan traolak erabilita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak