Imanol Albizu: "Aurreko astean arazoa izan genuen hornitzaile batzuekin, baina gauzak normal doaz orain"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mar. 26a, 19:01

Goikoetxe harategiko Imanol Albizu bezero bat artatzen.

Harategi bakarra dago Elgetan; Imanol Albizuren Goikoetxe harategia, hain zuzen ere. Hasieratik hartu dituzte prebentzio neurriak, eta elgetarrek ondo jarraitzen dituztela dio. Zenbait hornitzailerekin hasiera batean izandako zailtasunak gaindituta daudela dio.

Alerta egoera honetan lau establezimendu daude zabalik, Elgetan. Horietako bat da Goikoetxe harategia. Lehenengo egunetik hasi ziren kutsadura arriskua saihesteko prebentzio neurriak hartzen. Gehienez ere bi bezero egon daitezke batera harategian eta distantziak errespetatuz. Gainerakoek kanpoan egiten dute ilara.

Mostradore atzean daudenak ere kontuan hartzen dituzte prebentzio neurriak. "Jendeak ere errespetatzen ditu ezarritako neurriak. Ilara errespetatzen dute arazo barik. Paseoan dabilen bat edo beste egon daiteke, baina orokorrean kontzientziatuta ikusten ditut elgetarrak", azaltzen du Albizuk.

Egunotan ohikoa baino bezero gehiago dituela adierazten du. "Normaletik gora, bai". Eta nabarmentzen du goizetik pilatzen zaizkiola, gehienbat. Hala, arratsaldeko ordutegia aldatu egin du eta 20:00etan beharrean 19:00etan ixten du. Oraingoz, bezero guztiak konpontzen dira dendara etortzeko edo norbait bidaltzeko. Ez dio inork erosketa etxera eramateko eskaerarik egin. Inork horrelakorik beharko balu prest dagoela adierazi du.

Aste honetan, bestalde, erritmoa apur bat jaitsi dela dio. "Normala ere bada, aurreko astean jendeak zenbat genero eraman duen kontuan hartuta. Hozkailuak beteta egongo dira oraindik", dio irribarre txikiarekin. 

Banatzaileak ere ondo

Banatzaileei buruz galdetuta adierazten du gaindituta daudela hasierako zailtasunak. "Hornitzaileekin sortu ziren arazo batzuk lehen egunetan; izan ere, denak harrapatu gintuen ezustean kontu honek. Aste honetan erregularizatu da egoera eta ondo gabiltza".

Bezeroen artean denetik dagoela azpimarratzen du: "Batzuk oso beldurtuta daude eta beste batzuk, berriz, behar baino gutxiago nire ustez". Egoera luzatuko delakoan da Albizu. "Hau ez da egun batetik bestera pasako".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak