Zaldibar Argitu plataformak hiru orduko lanuztea deitu du eguenerako, martxoak 12

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mar. 10a, 09:34

Zaldibar Argitu plataformako kideak lanuzte deialdia egiten, Eitzagan. (iturria: Anboto)

12:00etatik 15:00etara lanik ez egiteko deia egin dute. Bost herritan egin dute deialdia, eta tartean da Elgeta. 19:00etarako, berriz, manifestazio bateratua antolatu du plataformak. Eibar eta Ermua arteko biribilgunetik abiatuko da.

"Erakundeek normaltasun eta egonkortasun irudia eman nahi badute ere, ezin dugu ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu, oso larria izan da gertatu dena eta oso larria izaten jarraitzen du", adierazi zuten deitzaileek eguenean Eitzagan egindako agerraldian.

Hiru orduko lanuztea eta hainbat mobilizazio iragarri dituzte eguenerako. Lanuztea 12:00etatik 15:00etara egiteko deia egin dute, eta eguerdirako herriz herriko mobilizazioak iragarri dituzte. Iluntzerako, berriz, manifestazio bateratua dago iragarrita, 19:00etan, Eibar eta Ermua artean dagoen biribilgunetik abiatua. "Gure eskakizunak mahai gainean jartzeko eta erreala ez den normaltasuna eteteko, dei egiten diegu Zaldibar, Eibar, Ermua, Elgeta eta Mallabiko herritarrei martxoaren 12an paro herritarra egitera", esan dute. "Nahikoa dela esateko guztia geldituko dugu. Behingoz erantzuleak mugitu daitezen, guztia geldituko dugu".

Elgetan manifestazioa 12:30ean

Zaldibar Argitu plataformako kide Janire Lazkanok jakinarazi du materiala saltzeko mahaia ipiniko dutela 12:00etan, herriko plazan. Eibarren, Ermuan eta Zaldibarren moduan manifestazioa egingo dute Elgetan ere, 12:30ean. Plazatik abiatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak