Zaldibarko zabortegian gertatutakoa sakon aztertzeko eskatuz adierazpen bateratua, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mar. 5a, 10:46

Elgetako Udala Durangoko epaitegian irekitako aurretiazko diligentzien instrukzio fasean pertsonatuko dela jakinarazi dute.

Bederatzi puntu jasotzen ditu batera aurkeztu eta aho batez onartutako adierazpenak. Idatzi horretan, beharrezkoak diren baliabideak eskatzen dira bai desagertuta dauden bi beharginak aurkitzeko zein lan horietan dihardutenen segurtasuna bermatzeko. Egindako bestelako eskaeren artean daude, baita ere, hondakinen kudeaketaren arloan beharrezkoa den kontrola, lan baldintzetatik eratorritako istripuak saihesteko neurriak eta ingurumenean sortutako kalteen inguruko jarraipen zorrotza. 

Hala, hainbat eskari egin ditu EH Bilduko eta EAJko ordezkariak dituen Elgetako udalbatzak. "Gertatutakoak datozen asteetan izan dezakeen eraginarekin kezkatuta eskatzen dugu Elgetan hartu diren airearen laginen analisiaren emaitza zehatzak izatea, baita laginok non eta noiz hartu diren azaltzea ere (...) Eskatzen dugu, halaber, Verter Recycling zabortegiko hondakinen karakterizazio zehatza egitea eta hondakin horiek nonbaitera eramatekotan nora eramango diren argitzea (...) Azkenik, adierazi nahi dugu horrelako larrialdi bat gertatutakoan beharrezko dela instituzioen arteko kolaborazioa eta larrialdi eremu batetik hurbil dauden udalerriak –Elgetaren kasua lekuko– hasieratik kontuan hartu eta informatu behar direla". 

Durangoko lehenengo instrukzio epaitegian irekitako aurretiazko diligentzien instrukzio fasean pertsonatuko da Elgetako Udala. Horrekin batera, martitzeneko osoko bilkuran onartutako adierazpen instituzionala bidaliko da Zaldibarko, Ermuko, Mallabiko eta Eibarko udaletara, eta baita ere Lehendakaritzara, Ingurumen eta Osasun sailetara, Bizkaiko Foru Aldundira eta Verter Recycling 2002 SL enpresara. 

Udal dirulaguntzen plangintza 

Osoko bilkuran hartutako bestelako erabakiei dagokienez, hasierako onarpena jaso du Udaletik emandako dirulaguntzak arautuko dituen plan estrategikoak. "Badaude hainbat dirulaguntza ohituraz eman izan direnak, eta plan honen helburua da ordenatu eta publiko egitea zer eta nola emango duen Udalak. Ze ehunekotan lagunduko den, erabakia zein batzordetan hartuko den... besteak beste, aukera berdintasuna bermatzeko", azaldu zuen Iraitz Lazkano alkateak. 

Oposizioak faltan igarri du plan horretan negozio berri bat martxan jartzeko dirulaguntza programa. Proposamena jaso eta aztertu egingo dela erantzun zuen alkateak. Etorkizunean moldaketa egiteko aukera badagoela esan zuen. 

Kolunbarioa hilerrian 

Hilerrian egitekoa den kolunbarioaren erabilera arautzeko ordenantzak ere hasierako onarpena jaso du. 40 nitxo izango ditu, eta hamar urteko erabilera izango dute, beste hamar urteko luzapena eskatzeko aukerarekin. 

Informazio batzordeen eredua 

Bestelakoetan, batzordeen eredua berrikusteko eskaera egin zuen oposizioak. Aintzane Oiarbidek esan zuen hainbeste batzorde egotearen arrazoia herritarren parte hartzea erraztea bada, ez dela lortzen. "Hilabeteotan ikusi dugu herritarrek apenas hartzen dutela parte", esan zuen. Lazkanok erantzun zion nahiko lukeela parte hartzea handiagoa izatea, eta horrela ez bada ere eta kontuan hartuta batzordeak erabaki gune direla garrantzitsua dela aukera ematea. "Guretzako lan gehiago dakarrela? Bai, egia da", esan zuen. Oiarbideren ustez garbi ikusten da elgetarrek ez dutela batzorde ereduan interesik. "Asmoa bada jendeak parte hartzea, beste ereduren bat proposatu beharko duzue", amaitu zuen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak