Mozorroa jantzi eta herria kolorez apaintzeko eguna

Naroa Urien Berrio 2020ko ots. 21a, 09:45

2019ko Aratusteen umeen jaialdia, herriko plazan

Gaur, hilak 21, ospatuko dira Aratusteak Elgetan. Herri Eskolako umeak izango dira jaiei hasiera emango dietenak, eta dantzek, abestiek, txokolateak eta, batez ere, giro onak jantziko dute herria hurrengo egunetan.

Gaur hasiko dira aurtengo Aratusteak Elgetan. Herri Eskolak, Herrixa Dantzanek, Maala Guraso Elkarteak, Xalbadorpe Erretiratuen Elkarteak eta Udalak bat egin dute gaur hasi eta hurrengo egunetarako egitaraua ekintza dibertigarriekin osatu ahal izateko. Eguraldia lagun izan arren, airearen kalitatearen neurketek aldaketak eragingo dituzte.

Aratusteen hasiera, gaur

Herri Eskolako neska-mutikoak izango dira Aratuste egunaren lehenengo ekitaldiaren protagonistak. Herriko txikienek Inauteri jaialdia egingo dute, 15:00etan. Eskolak jakinarazi du airearen kalitatea dela-eta hartutako prebentzio neurrien ondorioz frontoian izango dela ekitaldi hori. Umeek dantzak prestatu dituzte eta taldeka eskainiko dituzte gurasoen eta senitartekoen aurrean. Amaieran, dantza bateratua ere egingo guztiek. Jarraian, 16:30ean, Maala guraso elkarteak txokolate-jana eskainiko du eta, Udalak antolatuta, euskal musikaz gozatu eta dantza egiteko aukera egongo da, iaz ere herria girotu zuen I&D disko-festaren eskutik. Bukatzeko, 18:30ean, buruhandiak egongo dira.

Herrixa Dantzan, domekan

Inauteri-domekan, Inauterietako dantzak saio monografikoa egongo da, 19:00etan, Espaloian. Euskal Herriko hainbat herritako Inauteri ospakizunetan berezko dituzten dantzen ibilalditxoa egingo da: Zuberoako, Lapurdiko, Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako Inauteri dantzak ezagutu, testuinguruan jarri eta dantzatzeko aukera izango da. Bailarako Inauterietako sorgin dantzak eta kaldereroen dantzak ere leku berezia izango dute. Domekarako prestatutako ekitaldia "ekintza kulturala eta hezitzailea" dela azaldu du Herrixa Dantzaneko arduradun Patxi Monterok. Izan ere, dan- tzatu baino lehen jatorri eta esanahiak aztertuko dira, laburki. Ekitaldiaren sarrera doakoa izango da eta parte hartzea librea. Bestalde, edatekoak egongo dira eta Maialde jatetxeak esne ekologikoz egindako pellak jarriko ditu herritarren eskura, 2 euroren truke.

Aratuste-martitzena

Urtero bezala, Xalbadorpe erretiratuen elkarteak antolatuta, txokolate-jana eta bingo saioa egongo dira Ozkarbi elkartean, Aratuste-martitzenean, 17:00etan. Hala, Xalbadorpe Elkarteko kideek bazkide guztiak gonbidatzen dituzte parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak