Ziklo menstrualaren erregistroa egiteko gonbidapena egin zuen Enara I. Dominguezek, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ots. 19a, 14:00
Ziklo menstrualaren gaineko hitzaldia, barikuan, liburutegian.

Dozena bat lagunek entzun zuten Ziklikoki bizitzen egitasmoko kideak liburutegiko Bibliobero jardunaldien barruan egindako hitzaldia.

Ziklo menstrualak emakumeengan duen eraginaz gehiago berba egitea da Enara I. Dominguezen helburuetako bat, eta ziklo horrek norberarengan duen eraginaz jabetzea, gehienbat nork bere burua hobeto ezagutzeko. Xede horrekin izan zen barikuan Elgetako liburutegian. Dozena bat emakumerekin elkartu zen, eta saioak esperientziak eta bizipenak partekatzeko aukera eman zuen.

Ziklo menstrualak dituen lau faseei buruz hitz egin zuen Ziklikoki bizitzen egitasmoko kideak. Horrekin batera fase bakoitzak dituen ezaugarri nagusiez aritu zen. "Beti ere nire bizipenetatik abiatuta", zehaztu zuen. Hormonen dantza aipatu zuen behin eta berriro. Horri lotutako emozioei ere garrantzi handia eman zien, eta antisorgailuak zein hilerokoari lotutako produktuak ere hizpide izan zituen.

Ziklo menstrualaren erregistroa egiteko gonbidapena luzatu zuen Enara I. Dominguezek, Elgetan. Horretarako materiala ere banatu zuen. "Proposatzen dizuet hiru bat zikloren erregistroa egitea, eta gero elkartzea ondorioak ateratzeko".

Gustura irten ziren saiotik liburutegian elkartutakoak.

Hurrengo hitzorduak

Erritmo onarekin jarraitzeko asmoz, Hitzez Pitz irakurketa klubaren saioa izango dute liburutegiko Bibliobero egitarauaren barruan otsailaren 27an, 17:30etan. Irakurgaiak Esku hori liburutik hartutako hiru irakurgai dira. Estitxu Arozenaren, Karmele Arrietaren eta Eneritz Duesoren idatzi bana. Eskuragarri daude liburutegian. 

Otsailaren 28an, berriz, ipuin erotikoak kontatuko ditu Itziar Rekalde kontalariak, 22:30ean. Eros, eroso, ero izeneko saioa izango da, liburutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak