Zaldibarko zabortegitik gertu bizi diren elgetarrek diote lurra berriz erortzeko arriskua dagoela

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ots. 14a, 09:39

Elgetako Egoarbitza baserriko senar-emazteak, eguaztenean, Zaldibarrera begira.

Zaldibarko zabortegian gertatutakoak soka luzea ekarriko du. Teknikariak egoera bideratzen saiatzen ari diren bitartean, kezka eta galdera da nagusi kaltetuen artean. Elgetan ere bai. Manifestazioa dago deituta zapaturako, 16:30ean.

"Nik ondo ezagutzen dut zabortegi hori", adierazten du Elgetako Egoarbitza baserriko Jon Olaortuak. Etxetik oso gertu dauka Zaldibarko Verter Recycling zabortegia, eta kamioiarekin ere ibilitakoa da. "Hamabost egun lehenago egonda nengoen", azaltzen du. Zabortegia bakarrik ez, zabortegiko langileak ere ezagutzen ditu Olaortuak, eta hondakinek azpian harrapatutako bi langileak eta haien familiak ditu bereziki gogoan. "Hau luzatzen doa eta familiekin oso kezkatuta nago. Arriskua dago. Noski badagoela. Domekan izan nintzen buelta bat ematen, eta dena dago mugituta. Eta hainbesteko sailean, gainera!".

Zer eskatzen duen, galdetuta argi dauka: "Lehenengo eta behin, bi langile horiek ateratzea".

Kea eta usaina etxe inguruan

Tere Descarga emaztearekin batera gertutik jarraitzen du zabortegian dagoen mugimendua. Haizearen norabidearen arabera etxe ingururaino heltzen zaie piztuta dagoen suak eragindako kea. Eguazten eguerdian, esaterako, behe-lainoa moduan izan zuten kea, etxe atarian, denbora luzez. "Usaina ere iristen zaigu. Erretako goma usainaren parekoa da", azaltzen du Descargak.

Egoerarekin larrituta daudela adierazi diote GOIENAri. "Kezkatuta gaude suarekin eta kearekin. Eta kezkatuta gaude ez dutelako sua lehenengo egunetik itzali". Sua, orain, barrurantz doala dio Olaortuak. "Egunak aurrera doaz, eta barruan material asko dago erretzeko. Domekan, helikoptero bat ibili zen Aixolatik ura hartu eta sua zegoen lekura botatzen, baina, nire ustez, alferrik ibili zen. Espezialistak etorri dira hori aztertzera, baina honek oso luze joko du. Ez dakite ez nondik heldu ez nora eraman hor dagoen zabor guztia, eta material asko dago. Sekulako martxan zihoan betetzen. Ia 200 kamioi egunero, esango nuke nik. Tona asko dira. Uralita, plastiko eta goma asko, fundizioetako hautsak... Denetik. Eta ikusten dudan beste arrisku bat da euria egitea benetan. Ez naiz teknikaria, baina autobidean egiten ari diren horma ere badoa aurretik zabortegian pilatutakoa berriz mugitzen bada", dio Jon Olaortuak.

Airearen kalitatea aztertzeko neurketak egitea begi onez ikusiko lukete Egoarbitza baserrian. "Alkateak esan digu neurgailu bat jarri nahi duela etxe inguruan, eta, egia esan, gertuen gu gaude".

Eitzagan ere kezka handia

Egoarbitzatik ondo ikusten da Eitzaga auzoa, bereziki zabortegitik gertuen dauden etxeak. Eta Eitzagan egun benetan gogorrak doaz. Elgetan bizi den senitartekoetako batek GOIENAri azaldu dio dagoeneko lau bilera egin dituztela, eta oraindik ez dutela datu zehatzik lortu. Sufrimendu handia dutela esan du eta informazio falta azpimarratu du. "Sekulako segurtasun falta sumatzen dugu. Ama etxean dago, eta beldurtuta dago. Negar batean deitu zidan eguenean, mendia gainera zetorrela esanez. Pentsatu zuen inguruko baserriak lurpean zeudela. Astebete pasa da eta amak ez du etxetik irten nahi. Beldur da uste duelako irteten bada ez diotela bueltatzen utziko".

Auzotarrek eskatzen dute Eitzagan bertan ere neurketak egitea. "Gutxienez bat! Eibarren eta Ermuan ari dira neurketak egiten. Eta Eitzagan zergatik ez? Jakin nahi dugu ura, airea, eta lurra zelan dauden. 30 auzotar daude Eitzagan. Jende gutxi da, baina Eitzagan baino kutsadura handiagoa non egongo da? Sumatzen dugu ez gaudela lehentasunen artean".

Eguenetik kontrol handiak daudela dio. "Esaten digute parametro guztiak normal daudela, baina ertzainak daude auzotar ez direnak pasatzen ez uzteko, eta arrazoia da kutsadura arriskua. Nola ulertu behar dugu hori? Uste duguna da ez dela neurketa seriorik egin".

Beste lur-jausi baten arriskurik dagoen edo ez jakiteari ere garrantzitsu deritzo. "Ez du inork ezer argi esaten. Etxean gelditu daiteke edo ez? Zer gertatuko da euria egiten badu? Oraindik ere tona asko daude goiko aldean eta dena mugituta dago. Gainera, kutsatutako lurrak dira...".

Auzotarrei osasun kontrolak egitea ere eskatzen du. "Gure sendagileengana joateko esan digute, eta sendagileak ez daki zein proba egin behar diren". Hondakindegian harrapatuta dauden bi langileen gorpuak topatzea ere lehentasunezkotzat jotzen du senitarteko honek.

Elgetako Udalaren jarraipena

"Zabortegi hori Elgetatik oso gertu dago, eta hainbat nukleo oraindik gertuago", esan du Elgetako alkate Iraitz Lazkanok. "Uneotan dugun kezka nagusia bertan piztu den suagatik da, eta horrek ekar dezakeen keagatik". Lazkanok dio garrantzitsua dela Elgetako ordezkariak ere deitzea inguruko herrietako ordezkariekin egiten diren batzarretara. "Azkenean, bertan hartzen diren erabakiek Elgetako herritarrei ere eragiten dietelako".

Atzo goizean koordinazio eta jarraipen mahai teknikoa bildu zuen Eusko Jaurlaritzak Zaldibarren. Ostean egindako prentsaurrekoan, Ingurumen sailburuorde Elena Morenok esan zuen, besteak beste, areagotu egin dituztela uraren eta airearen kalitatea neurtzeko azterketak, eta Elgetako bi auzotan ere egin dituztela. "Nola da posible Elgetako Udalarekin harremanetan ez jartzea? Zergatik ez dago Elgeta koordinazio mahaian mugakide izanda?", adierazi du Lazkanok sare sozialetan.

Udala harremanetan dago Egoetxeagako bizilagunekin, eta bereziki Egoarbitzakoekin. Esan du inguruko bizilagunek esanda dakiela Udalak neurketak egiten ibili zirela eguaztenean: "Baina ez dakigu beste ezer".

Alkateak lasai egoteko mezua helarazi die elgetarrei, baina baditu bere kezkak: "Bestelako agintari batzuek esaten dutenez, ez dago inongo arriskurik. Ez dakit nik zenbateraino den horrela". Udala jarraipena egiten saiatuko dela esan du: "Ditugun baliabideak ditugunak dira, baina saiatuko gara gai honi ahalik eta jarraipen zorrotzena egiten, eta herritarrak informatzen".

Lurpean dauden bi langileak ditu bereziki gogoan Lazkanok. "Uste dut kontu honetan txarrena hori dela. Bi gorpu daudela oraindik ere harrapatuta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak