Iñaki Olaortua: "Ohorea da elgetarrek botoz ni aukeratzea"

Naroa Urien Berrio 2020ko ots. 11a, 13:17
Iñaki Olaortua, Santanderreko Racing futbol taldeko jokalaria.

Denboraldia ez da ondo hasi mailaz igo berri den Santanderreko Racing taldearendako. Olaortuak ere susmatu du aldea. Hala ere, bultzada gisa jaso du herrikideek emandako DKS saria.



Santaderreko Racing taldeko jokalari Iñaki Olaortua 2019ko tokiko kirolaririk onena izendatu dute Debagoiena Kirol Sarietan (DKS). Elgetako Udalak bozketa antolatu zuen herrian eta Olartuak lortu zituen boto gehien. Hala, herrikideek emandako saria da. Protagonisten ibilbidea eta lorpenak bereizten dituen sariketa da DKS.

Herritarren hautua izan zara DKS sarietarako; zer deritzozu?

Aurten da saria lortzen dudan lehen aldia, eta oso pozik nago. Ohorea da elgetarrek nire alde egitea horrelako sariketa batean. Ilusio handia egiten dit eta oso eskertuta nago elgetar guztiekin. Zure herriak hainbeste maite duzun kirolean egindako lana aitortzea sentzazio bikaina da. 

Zure etxekoek hartu zuten saria… Jarraitzaile amorratuak dira?

Ezin izan nintzen sari banaketa ekitaldira joan, eta nire ama eta ahizpak hartu zuten saria. Nire jarraitzaile nagusiak dira eta haiei ere ilusioa egin zien DKS saria jasotzea. Beti daude bultzada eta indarra emateko prest, eta hori eskertzekoa da. Nire neska-laguna ere futbol jokalaria da, eta futbolak oraindik indar handiagoa hartu du etxean. Aurreko urtean Santanderko beste talde batean ibili zen, baina aurten Racingera etortzeko deia jaso du. Horrenbestez, biok futbol talde berdinean gaude eta etxekoak bion jarraitzaile amorratuak dira. Hori bai, etxean futbolaren ingurukoak izaten dira liskar gehienak!

Zelan doa denboraldia aurten?
Aurten sufritzen gabiltza. Sailkapenaren beheko aldean gaude, baina borrokan jarraituko dugu. Gainera, herriaren eta familiaren bultzada handi honekin gogotsu nago denboraldia indar handiz jarraitzeko. Santanderren bizitzen gustura nago, baina sarri bueltatzen naiz Elgetara. Ondo etortzen zait bertara joan eta familia eta lagunak bisitatzea. Deskonektatu eta indarberritzeko aukera bikaina izaten da. 



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak