Bernd Langer aktibista eta historialari alemaniarra Elgetan izango da, domekan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ots. 12a, 09:00

Bernd Langer historialari eta aktibista alemaniarra.

Sei eguneko egonaldia egingo du Euskal Herrian eta hainbat hitzaldi eta bisita egingo ditu. Besteak beste, Gernikan, Bermeon, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen izango da. Elgetan egingo du egonaldiko azken geldialdia. Intxorta 1937 kultur elkarteko kideekin elkartuko da.

Espaloian dagoen Memoria Historikoarekin Euskal Interpretazio Zentroan egin dute hitzordua, domekan, Bernd Lander historialari eta aktibista antifaxistarekin. 10:00etan elkartuko da Intxorta 1937 kultur elkarteko kideekin.

Euskal Herrian hainbat geldialdi egin eta gero iritsiko da Langer Elgetara. "Historialari eta aktibista antifaxista da Langer", azaltzen du Baskale elkarteko Klaus Armbrüsterrek. "40 urteko ibilbide aktibista egin du Alemaniako mugimendu antifaxistan eta hainbat liburu idatzi ditu. Duela 10 urte hasi zen Antifaschistische Aktion – Geschichte einer linksradikalen Bewegung liburua idazten. Nagusiki, Alemaniako antifaxismoa ikertzen du lan horretan. Mugimendu hori orain 100 bat urte sortu zen Alemanian alderdi komunistaren inguruan, eta Hitler-en nazional sozialismoaren aurka. Gaur egun mugimendu anarkista ere barneratzen du. Liburua itzultzen ari gara Sare Antifaxistaren eta Baskale elkartearen ekimenez".

Langer Bermeoko Kabitze lokalean, Bilboko Zirika kultur gunean, eta Iruñeko Katakrak liburu-dendan izango da egunotan. Gernika eta Gasteiz ere bisitatuko ditu memoria historikoaren inguruan lanean diharduten elkarteak ezagutzeko. Gasteizen, Martxoak 3 elkarteko kideekin elkartuko da eta Errekalor auzoa erakutsiko diote.

Elgetako bisita

Elgetako bisitan Intxorta 1937 kultur elkarteko kideekin elkartuko da. Espaloian dagoen Memoria Historikoarekin Euskal Interpretazio Zentroa erakutsiko diote, eta baita ere Intxortako Atea, Asentzion.

Baskale elkarteak, Rosa Luxemburgo taldeak eta Bilboko IPES taldeak antolatu dute bisita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak