Goizaldi Arozena: "Diseinu grafikoa maitatzen ikasi dut"

Maialen Regueiro 2020ko ots. 3a, 10:21

Duela 22 urte jaio zen Goizaldi Arozena elgetarra. Diseinu Grafikoa ikasten dihardu Gasteizen, baina, aurretik, arlo bereko goi mailako ziklo bat egin zuen Donostian.

Zergatik egin zenuen Diseinu Grafikoaren aldeko apustua?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaituta, Batxilergo Artistikoa egitea erabaki nuen. Artearen arloan gauza batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzen zitzaizkidan, eta, horregatik, nire aukeren artean zeuden Arte Ederrak edota Diseinu Grafikoa. Bi graduen artean erabakitzeko, ate irekien hainbat saiotara joan nintzen, eta, bertan ikusitakoarekin, Diseinu Grafikoa ikasteko erabakia hartu nuen.

Diseinu grafikoak aukera asko ematen ditu.

Diseinu grafikoaren mundua oso irekia da eta arlo ezberdinetako gauzak ikasi daitezke: maketazioa, ilustrazioa, web diseinua, koloreen erabilera... Azken batean, aukera horiek eraman ninduten mundu honetan sartzera.

Arlo honetan egongo da gehien eta gutxien egitea gustatzen zaizuna.

Zentzu honetan, ez daukat erantzun zehatzik. Egia esan, sormenaren bitartez egin daitezkeen gauzak egitea asko gustatzen zait. Hala ere, lan batzuk beste batzuk baino pisutsuagoak izaten dira, egiteko ere gehiago daukatelako. Azken batean, esango nuke diseinu grafikoko atal guztiak maitatzen ikasi dudala.

Egiten dituzun artelanak Instagramera igotzen dituzu.

Nire profil pertsonala izateaz gainera, @goizart Instagrameko kontua sortu nuen eta bertara igotzen ditut egindako ilustrazioak.

Zer egiten duzu?

Adobe Ilustrator –bektore bidez funtzionatzen du– programarekin egiten dut lan. Bezeroek beraien argazkiak bidaltzen dizkidate eta horietan oinarrituta egiten dut lan. Argazkien koloreei eta itzalei forma eraikitzen diet, ilustrazioa guztiz osatu arte.

Euskal Herriko bezeroak dituzu, baina baita kanpokoak ere.

Instagram bidez kanpoko jende asko jarri izan da nirekin kontaktuan; Valentziakoak eta Kanarietakoak, besteak beste. Normalean, nire bezeroek familia, lagun edota bikotekideendako opari bezala eskatzen dizkidate ilustrazioak. Horrez gain, animaliekin ateratako argazkiak ere bidaltzen dizkidate, horiek familiako kide bezala hartzen ditugulako askotan.

Pertsonaia ospetsuen argazkiak ere ilustratzen dituzu.

Nire bezeroek bidalitako argazkiez gain, hainbat pertsonaia famaturen argazkiak hartu eta ilustrazioa egin izan dut; besteak beste, Rosalia eta Amy Winehouse abeslariena. Horrez gain, sare sozialetan herritar arruntek dituzten argazkiak begiratzen aritzen naiz eta mezu berezia transmititzen dituzten horiek ilustratzen ditut.

Sare sozialek zure lana ezagutzera ematera lagundu dizute?

Egia esan, bai. Gaur egun, bide oso ona da gu ezagutzera emateko, eta bide erraza, baita ere, jendeak gure lanak ikusi ahal izateko.

Non eta zer egiten ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Lehenik, ikasketak amaitu behar ditut, eta gero, ez dakit zer ekarriko didan etorkizunak eta non egongo den nire lekua. Espero dut gustuko dudan zerbaitetan ibiltzea, horretarako ikasten dugulako bakoitzak gustuko ditugun ikasketak. Hori izango litzake jende gaztearentzat nire aholkua, ez izatea inoiz beldur gustuko duzuna ikasteko eta ez dadila inoiz berandu izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak