Ostiada Oi! gogotsu Mendi Mendia Racing jaiko emanaldirako

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urt. 31a, 08:57
Elgetako Ostiada Oi! taldea, zapatuan, entsegua egiten Azkoitian. (Argazkia: Koldo Izagirre)

Otsailaren 8a egun osoko jaia izango da Elgetan, eta iluntzeko kontzertuan izango da Ostiada Oi! talde elgetarra. Duela sei bat urte egin zuten azken zuzenekoa. Barne Guda eta Azken Sustraiak taldeekin batera osatzen dute kartelera.

Badira urte batzuk Ostiada Oi! taldeak emanaldirik egiten ez duela, eta ikusmina sortu du Mendi Mendia Racing jaiaren barruan egitekoa duten kontzertuak. Sorpresa atsegina izan da taldea gertutik jarraitu zuten guztiendako, eta, nola ez, Elgetako lagunendako.

Josu Azkarate, Iker Valle, Aritz Macarro eta Aniotz Birumbrales izango dira taula gainean, eta hasita daude emanaldia prestatzen.Betiko kantak prestatzen ari direla adierazi dute. "Gure kantuen errepaso bat egitea da asmoa", adierazi du Ostiada Oi! taldeko bateria-jotzaile Iker Valle elgetarrak.

Gustura entzungo dituzte punk-oi! taldearen jarraitzaileek, oroimenean geratutako kantuak baitira askorendako.

Lehenengo entseguak

Otsailaren 8ko kontzertua prestatzeko lehenengo egitekoa entseatzen hastea izan da. "Ez da erraza. Ez daukagu lokalik, materiala ere ez dago lehen moduan... Kideetako batek, Aniotz Birumbralesek, Kaleko Urdangak taldean jotzen du, eta haien lokalean elkartzen gara, Azkoitian", azaldu du Vallek. "Badira urte batzuk Mendi Mendia Racing taldeko gazteak hurbiltzen zaizkigula joko dugun galdezka. Aurreko urteetan ez da irten, baina aurten laurok animatu gara".

Ostiada Oi! taldetik zehaztu dute, dena den, ez dela taldearen itzulera. "Kontzertu bakarra planteatzen dugu. Mendi Mendia Racing taldeko gazteek merezi dutela uste dugu, eta nahi genuen gure aletxoa ipini, nolabait. Gero zer gertatuko den? Auskalo! Printzipioz, ez da itzulera".

Berriz elkartzea polita izan dela esan du Vallek. "Gehiago entseatu beharko genuke, baina ez dugu lehen besteko denbora librerik, eta laurok kointziditzea oso zaila da". Zailtasunak zailtasun, ordea, egin dituzte entsegu batzuk. Zapatuan egin zuten azkenetakoa. Argazkiak ateratzeko ere baliatu zuten aukera.

Gaztetxotan hasitakoak

14-15 urte inguru zituztela hasi ziren taldea osatzeko egitasmoarekin, eta 16 urterekin hartu zuten lokala. Sasoi hartan hasi ziren lehenengo kontzertuekin. Ostiada Oi! taldeak disko bat kaleratu zuen. 2003an argitaratu zuten Behin betiko izeneko diskoa. Ordukoak dira Antifascista, Skinhead 1969, Behin betiko, Punk-Oi! eta Euskadi kantuak, besteak beste.

Boskotea ziren orduan. Asier Landak, gerora, utzi egin zuen taldea. "Diskoa kaleratu eta gero ere sortu genituen kantu berriak, baina hor gelditu ziren", azaltzen du Vallek. "Akaso, bazegoen aukera beste disko bat ateratzeko, baina ez genuen fundamenturik egin".

Goienaren Danbaka lehiaketan ere izan ziren. 2004ko abenduan egin zuten kontzertua, Espaloian.2010. urtean jaitsi zen taldearen martxa.

Ez zuten agurreko kontzerturik egin, eta 2013an elkartu ziren azken emanaldiak egiteko. 2013ko abenduan egin zuten azken kontzertua, Elgetan. Gaztetxean jo zuten.

Gogotsu kontzerturako

"Elgetarrak gara gehienak, eta herrian jotzea beti da berezia. Sumatzen dugu, gainera, jendea gogoz dagoela, eta gerturatuko dela pentsatzen dugu. Zirrara sortzen du horrek!".

Sarrerak salgai daude Elgetako Rincon de Lola eta Bergarako Arrano tabernetan. Prezioa da 5 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak