Elgetako saltoki gehienetako langileek greba egingo dute bihar, eta enpresa askotan argitzeko dago oraindik

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urt. 29a, 11:15

Udaleko, Herri Eskolako eta Haurreskolako langileek ere bat egin dute greba deialdiarekin. Industrialdeko enpresen artean CIE Alurecy-ko langileek bakarrik baieztatu dute greba egingo dutela.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorra deitu du biharko, urtarrilak 30. Elgetari dagokionean udal langileek eta Herri Eskolako zein Haurreskolako langileek bat egin dute deialdiarekin. Hala, itxita egongo dira udal zerbitzu guztiak –liburutegia, ludoteka, udal bulegoak, kirol zerbitzuak...–, eta Herri Eskolan zein Haurreskolan zerbitzu minimoak eskainiko dituzte.

Merkatari eta ostalari gehienek greba

Merkatari eta ostalari gehienek greba egingo dute. Hala, itxita egongo dira Ilea apaindegia, Ugari denda, Goikoetxe harategia, Mikel garajea eta Patxi, Bolatoki, Maialde, Rincon de Lola eta Haizea tabernak. Saioa masajeak arratsaldez egongo da itxita eta Elkoro botika zabalik egongo da goizez eta arratsaldez.

Eguneko zentroko langileek adierazi dute ezin dutela greba egin zerbitzu minimoetan daudelako berez. Kutxabankeko bulegotik jakinarazi dute bi langileetako batek greba egingo duela eta argitzeko dagoela bigarrenak zer egingo duen.

Egoera industrialdean

Elgetako industrialdean dauden enpresa gehienetako langileek ez dute, oraingoz, bozketarik egin. Kasu horretan dira, besteak beste, Sisteco, Laibe edo Tapen enpresetako langileak. Horietako zenbaitetan uste dute, bestalde, greba egiteko eskubidea indibiduala dela eta langile bakoitzaren erabakia dela greba egin edo ez.

CIE Recydeko langileek gaur egingo dute bozketa, azken orduan.

CIE Alurecyko langileek grebarekin bat egin dute eta greba egingo dute bihar. Elkoro Dekoletajeak enpresan, aldiz, ezezkoa irten da langileen artean egindako bozketan.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak