Ogia ere bai, orain, kontsumo taldearen eskaintzan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urt. 17a, 08:50
Ogi dastaketa, astelehenean, Elgetan.

Gabi Romerok Arrazolatik igoko du ogi ekologikoa Elgetara, astelehenetan eta barikuetan. Astelehenean eman zuen bere eskaintzaren berri. Hain zuzen ere, Ziarreta baserriko Iñigo Gabilondok lehenengo banaketa egin zuen egunean.

Hamalau otarre igo zituen Iñigo Gabilondok astelehenean Elgetara. Askotariko barazkiak eta arrautzak eskatu zizkioten sortu berria den kontsumo taldeko kideek. "Dena oso ondo joan zen. Orain, ikusi egin behar da jendea gustura dagoen produktuekin", adierazi du ekoizleak. 

Horrenbestez, martxan da Elgetako kontsumo taldea eta hamalau familiarekin abiarazi du ibilbidea. Pozik da Gabilondo; izan ere, astelehenean beste bi interesatu gerturatu ziren informazio eske. Badirudi, azkenean, hamasei familiak hartuko dutela parte egitasmoan. 

Banaketa astelehenetan izango da, 19:00etatik 19:30era bitartean, Salbador kaleko buztin gelan. Ordu horretan bertaratzerik ez dutenek aukera izango dute generoa beste ordutegi batean jasotzeko; izan ere, atea zabaltzeko eta ixteko aukera izango dute. 

Ogi ekologikoa ere aukeran 

Iñigo Gabilondorekin batera izan zen astelehenean Elgetan Gabi Romero okina. Arrazolan bizi da eta ogi ekologikoa egiten du. Kontsumo taldetik eskatuta izan zen Elgetan, zer-nolako ogiak eta nola egiten dituen azaltzen. 

Hainbat ogi mota eman zituen dastatzera: gari erdi integralarekin eta sesamoarekin egindakoa, espelta eta zekalearekin egindakoa, ogi haziduna, ogi zuria... "Sei urte dira ogia egiten hasi nintzela eta duela urte eta erdi ari naiz nire kontura", azaldu du. Durangaldean, Elorrion eta Bergaran egiten du banaketa. Dendak, jatetxeak eta partikularrak ditu bezero. "Bost ore mota egiten ditut: gari erdi-integralarekin eta sesamoarekin, espeltarekin eta zekalearekin, ogi haziduna, ogi galiziarra eta ogi zuria", jakinarazi du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak