Elgetarrek Javier Leanizbarrutia 'Sanpete' omendu dute, gaur eguerdian, herriko plazan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko abe. 15a, 14:55
Javier Leanizbarrutia etxekoekin seme nagusia aurreskua dantzatzeko puntuan dela.

Anjel Mari Peñagarikanok bertso batean azaldu du zergatia labur: "Mesedetxo bat eskatu eta beti egiteko prest dagoelako". Oroigarriak jaso ditu omenduak. Semeak aurreskua eskaini dio.

Saltsa askotan ibilia da Javier Leanizbarrutia Sanpete, eta elgetarrek ondo dakite hori. Ez dira gutxi gauza batean zein bestean laguntzeko prest aurkitu dutenak. Saltsa guztietako perrexila da Leanizbarrutia, eta horregatik agertu nahi izan diote esker ona.

Ezustean harrapatu dute Leanizbarrutia. Aurreko egunetan erdi isilean prestatutako ekitaldia izan da, eta sorpresa izan da omenduarendako.

Abadiñoarra sortzez urte asko dira Elgetako Bastarrika baserrira ezkondu zela, eta pertsona estimatua da herrian. Gaurkoan herriko elkarte batek baino gehiagok hartu du parte ekitaldian.

Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak hainbat bertso eskaini dizkio. Horrekin batera opari ekarri dio Athletic taldearen armarria koadro batean. Paule biloba izan da hurrengoa oparia egiten, txapela eman dio. Intxortako Lehoiak lagunarteko Javier Gamarrak talde zuri-gorriaren bufanda ipini dio omenduari, eta San Roke kaleko jai batzordeak ere egin dio oroigarria Leanizbarrutiari.

Ekitaldiko unerik hunkigarriena emaztea eta etxekoak gerturatu zaizkionean etorri da. Seme nagusiak, gainera, aurreskua dantzatu du, eta bertaratutakoak zein omendua bera hunkitu egin dira.

Goienak ere jo du inoiz Javier Leanizbarrutiaren atea, eta parez pare zabaldu dio. Hona hemen hark emandako gotzain zoparen errezeta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak