Iraitz Lazkano: "2012a ezkero inbertsioetarako diru kopuru handiena izango du 2020ko udal aurrekontuak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko abe. 13a, 09:00

Iraitz Lazkano alkatea 2020ko udal aurrekontu proposamena aurkezten, eguaztenean.

Iraitz Lazkano alkateak eguaztenean aurkeztu du udal gobernuak 2020ra prestatu duen udal aurrekontu proposamena. Udalbatza martitzenean elkartuko da proposamena aztertzeko eta eztabaidatzeko, eta 2020ko udal aurrekontua onartzeko, hala badagokio.

Elgetako udalbatza martitzenean elkartuko da 2020ko udal aurrekontua erabakitzeko. Iraitz Lazkano alkateak asteon eman du Udal Gobernuak landutako aurrekontu proposamenaren berri.

1.728.293 euroko aurrekontu proposamena da, aurtengoa baino 140.000 euro handiagoa. "2012a ezkero Elgetako udal aurrekontu batek inbertsioetarako izan duen diru kopuru handiena izango du. Bi faktorek eragiten dute: alde batetik, Udalak Olalde auziarekin lotuta zeukan lehen kalte-ordaina pagatzen amaitu izanak aukera handiagoa ematen du aurrekontua moldatzeko eta dirulaguntza gehiago lortzeko. Bestetik, aurreikuspena da Foru Fondotik etorriko den diru kopuruak %3 eta %4 artean egingo duela gora", azaldu du alkateak.

Lazkanok jakinarazi du Olalde auzitik 80.000 euro libratzeak esan nahi duela kopuru hori gehi horrekin lor daitezkeen dirulaguntzak egongo direla inbertsioetarako. "Hau da, ia 120.000 euro gehiago. Hala, 2020an ia 300.000 euro izango ditugu inbertsioetarako. Urteotan euste ekonomia batean mugitu gara, baina aurten, nire ustez, normaltasun baten barruan funtzionatzera bueltatuko gara".

Alkateak zehaztu du 2019an Udalak 172.745 euro ordainduko dituela kalte ordainetan eta zorretan. "Urteotan 260.000 euro inguru izan dira urtean. Horrek esan gura du zor eta kalte-ordainetan aurrekontu osoaren %25 ordaintzetik %10 ordaintzera pasako garela orain, eta horrek diferentzia handia suposatzen du".

Udalaren zor biziaren inguruan ere egin du berba Lazkanok. Udalak dituen sarrera arrunten %28 dela azaldu du. Hau da, 450.000 euro.

Inbertsio nagusiak

2020rako aurreikusten diren inbertsio nagusiak dira: San Roke kaleko zorua berritzeko 110.000 euro, Haur Hezkuntzako teilatua egiteko 50.000 euro, Udalak plazan duen etxebizitza berritzeko 40.000 euro, industrialdean ingurumen kontuak lantzeko 18.000 euro, baserritarren batzorderako 15.000 euro, herriko mapa topografikoa egiteko 14.520 euro, frontoian LED argiak ipintzeko 5.000 euro, eskolan suteen kontrako ateak jartzeko 4.482,68 euro eta udal langileen fitxaketa sistema ipintzeko 800 euro.

Inbertsioetan sartzen ez bada ere Elgeta 2020-2030 parte hartze prozesurako 8.000 euroko diru-lerro bat egongo dela ere jakinarazi du Lazkanok.

Udal aurrekontu proposamena hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak