Etxe kaleratzeen gaia lantzen duen antzezlana Elgetako erretiratuen kultura asteari hasiera emateko

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko abe. 10a, 19:28
Oroimenak antzerki taldea, gaur, Espaloian.

Bikote nagusi batek etxebizitza aurkeztu zuen abal moduan seme-alabek eskatutako mailegua gauza dadin, eta kaleratuak izateko zorian daude. Hori izan da gai nagusia, gaur, Espaloian. Bihar Alai Taldearen eta Unai Cantabranaren emanaldiarekin jarraituko du Xalbadorpe elkartearen kultura asteak.

Etxe kaleratzeen gaia gaurkotasun handiako da, eta kezka iturri itzela gizartean. Oroimenak antzerki taldeak taula gainera ekarri du gaia Algo habrán hecho antzezlanaren bitartez, eta Elgetako Espaloia kafe antzokian eskaini dute gaur arratsaldean.
 
Elgetako erretiratu ugari elkartu dira ikusteko, eta tartean bestelako publikoa ere bai. Umore ukituarekin ekarri dute gaia antzezleek, baina drama handia dela ahaztu barik. Etxetik kaleratua izateko puntuan dagoen bikote nagusia, alaba eta haren senarra, inguruko bizilagunak –batzuk lagunak eta beste batzuk ez hainbeste–, bankuko ordezkaria, Kaleratzeak Stop taldeko ordezkariak... askotariko pertsonaiek osatu dute istorioa.
 
Bihar, musika
 
Xalbadorpe elkartearen kultura asteari hasiera emateko ekitaldia izan da gaur arratsaldeko antzerki emanaldia. Beste hiru ekintzak osatzen dute egitaraua.
 
Bihar, musika izango da protagonista eta kontzertua egingo dute antzokian Bergarako Alai Taldeak eta Unai Cantabrana elgetarrak, 18:00etan.
 
Eguenerako bingo saioa dago antolatuta, eta urtero moduan Ozkarbi elkartean izango da. Eta barikuan, luntxa eta zozketa egingo dituzte erretiratuek. Bederatzi saski zozketatuko dituzte bazkideen artean.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak