Ane Bilbaok abenduaren 1etik aurrera izango du %25eko lan jardun partziala udal kudeaketa lanetarako

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko aza. 28a, 12:01

Atzo egindako osoko bilkuran Iraitz Lazkano alkateak azaldu zuen UEMAko lehendakari karguari eskaini beharko dion denborak eragingo duela goiz batzuetan udaletxean ez egotea. Lazkanok, aurrerantzean, %75eko lan jarduna izango du udaletxean, eta Bilbaok %25ekoa.

"Dedikazio bat edukitzea udaletxean garrantzitsua da, eta egunerokotasunerako laguntza ezinbestekoa izango da", azaldu zuen Lazkanok atzoko osoko bilkuran. "Garbi dago %25 oso gutxi dela, baina laguntzeko nire ustez ezinbestekoa izango da. Hori alde batetik. Bestetik, Ane Bilbaok eramaten dituen batzordeen kudeaketa ordu dezente eramaten dituen kudeaketa bat da", gaineratu zuen. 

Dedikazio partziala zertarako eta zergatik galdetu zuen osoko bilkuran oposizioko bozeramaile Aintzane Oiarbidek. "Ez gaude erabat aurka, baina ez dugu logikoa ikusten horrelako portzentaiak banatzea. Ematen du lana banatzea baino beste soldata bat betetzeko dela. Ematen duela esaten dut. Ez dut esaten kasu honetan horrela izango denik. Baina ez dakit zehazki zuen planteamendua zein den. %25a baino zertarako edo zergatik?".

EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin egin zuen aurrera erabakiak. Oposizioa abstenitu egin zen.

Bestelako erabakiak

Osoko bilkurako gainerako erabakia aho batez hartu zituen udalbatzak. Horien artean nabarmentzen dira hirugarren sektorerako erabilpena duen lokal bat etxebizitza erabilerara pasatzeko hitzarmena sinatzea. Baita ere Udalak atxikimendua onartzea Gaztematika Sarearekin.

Gaztematika Sarea Gipuzkoako haur eta gazteen sustapenerako sarea da, eta ludoteka zein gazteleku zerbitzuetan eragiteko izango da bereziki interesgarria atxikimendu hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak