Jone Zalduegi: "Zaintzarik gabe dabiltza umeak mundu digitalean"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko aza. 22a, 08:53

Emoki elkarteko Jone Zalduegi, gurasoendako saioa egiten, astelehenean.

Emoki elkarteko kidea da Jone Zalduegi eta hamar bat gurasoren aurrean egin zuen hitzaldia, astelehenean, Elgetan. Hainbat bideo-joko, sare sozial eta jarduera digital izan zituen hizpide. Gurasoei adi-adi egoteko eskatu zien.

"Bideo-jokoekin ikusten ditugun bi arazo potoloenak dira umeek denbora asko pasatzen dutela jolasean eta ez direla konturatzen zein eragin duen jarduera horrek beraien emozioetan". Argi hitz egin zuen Zalduegik. Esan zuen bai familiek bai eskolek erreminta gehiago behar dituztela gertatzen ari denaren aurrean nola erantzun jakiteko. 

Brawl Stars, Fortnite eta GTA bideo-jokoak aipatu zituen. Tik Tok sare soziala ere bai, eta, horrekin, batera gamer edo influencer diren youtuberren bideoek umeen egunerokoan duten eragina. "Guraso askok ez daki umea zein jokotan ibiltzen den, edo, jakinda ere, ez daki joko horretan zer dagoen. Ikusten dituzte marrazki itxurako skin-ak edo pertsonaiak, eta odolik ez dagoenez lasai daude. Baina horiek guztiak jokalari gazteak erakartzeko ondo pentsatutako mekanismoak dira", azaldu zuen. 

Entretenimendurako eta estimulaziorako elementu pila dituzte umeek mundu digitalean, eta gurasoek, orokorrean, jarraipen eskasa egiten dute. "Etxe batzuetan ez da gaia batere kudeatzen, eta gurasoak ahaldundu egin behar dira. Begiratu behar dute zein adinetarako jokoak diren eta informatu behar dira edukiaren inguruan". 

Erabilera ohitura onak ezarri 

Erabilera arauak ezarri baino gehiago, erabilera ohitura onak ezartzeko gomendioa egiten du adituak. "Ordenagailurik ez logeletan, mesedez", esan zuen. Horrekin batera, gomendatu zuen umeei galdetzeko zein joko edota sare sozial duten gustukoen eta zergatik. "Ezinbestekoa da gai honi heltzea, bai etxetik, bai eskoletatik, bai erakundeetatik; izan ere, gurasoak eta irakasleak galduta daude. Ez dakite zelan jokatu". 

Esku hartzeko plan integralak landu behar direla uste du, eta, bien bitartean, neska-mutikoak zertan ari diren gertuagotik zaintzeko aholkatu zuen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak