Tratamendu berezia eman diote Espaloia kafe antzokiko zoruari

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko aza. 15a, 14:00
Zorua berritzeko lanak Espaloia kafe antzokian. (Iturria: Elgetako Udala)

Asteon amaitu dituzte 21.000 euroko aurrekontua izan duten lanak, eta aretoa erabilgarri dago atzera ere. Bolatokian ere jolas berriak ipintzen ari dira. Lurra botatzea falta da.

Superfloor izeneko tratamendua eman diote Espaloia kafe antzokiko beheko zoruari. Eguaztenean amaitu zituzten lanak, eta, pare bat eguneko epea pasa ostean, erabilgarri dago berriz ere aretoa. Iraitz Lazkano alkateak azaldu du lurreko pintura beltza altxatu, leundu, eta akabera berezia eman diotela. "Superfloor tratamendua eman diogu. Oso-oso erresistentea da. Gainera, zikingunerik gelditzen ez dena eta garbitzeko erraza izatea espero dugu", esan du. Agertokian ere egin dituzte lanak. "Hondoratutako guneak zeuden. Horiek gogortu eta margotu egin dute agertokia ere". 

Bolatokiko parkean ere lanak 

Kaleko margotze-lanak egiterakoan, elbarriendako aparkaleku bat ipini zuen Udalak bolatokirako sarreran. "Irisgarria da, orain, kirolgunea", esan du Lazkanok. "Hala, ikusi genuen jolastokiak ere ezaugarri bera behar zuela".

Malgukidun jolasak aurretik ipinitakoak dira, eta horiekin batera etxolatxo bat, xakean jolasteko mahaia eta lokomotorra bat badaude orain. Gurpil aulkiendako irisgarria den estruktura bat ere badago: jeep motako ibilgailu bat, hain zuzen ere. "Falta da kautxuzko lurra botatzea. Ezinbestekoa da euririk ez egitea, eta akaso martxoan egin beharko dugu", esan du alkateak. Lurra kolore bakarrekoa izango dela ere gaineratu du. Ura sartzen da eta zartatu egiten dira zatika egindako kautxuzko lurrak. Halakoak saihesteko hartutako erabakia dela esan du. 

Lanok 22.525 euroko aurrekontua dute, BEZa barne. Eusko Jaurlaritzatik 6.065,69 euroko dirulaguntza jasoko du Udalak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak