Lehiaketa izan barik pintxo aukera domekan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko aza. 14a, 14:00
Pintxo bat.

Bolatokiko, Haizeako, Rincon de Lolako eta Maialdeko sukaldeetan gogotik egingo dute lan hurrengo bi domeketan; izan ere, pintxo domekak datoz. Hitzorduak ez du aurten lehiaketa formaturik izango eta pintxoek 1,30 euroko prezioa izango dute.

Herriko lau tabernak eta Elgetako Udalak bultzatuta datoz, aurten ere, azaroko pintxo domekak. Urteroko hitzordua da dagoeneko, eta hamabigarren aldiz egingo da aurten. Bi domeka izango dira; hilaren 17a eta 24a. Eta helburua da urte sasoi honetako domeka eguerdiei pizgarri berezia ematea. 

Kultura eta Euskara zinegotzi Ane Bilbaok argi dauka jendeak oso ondo erantzuten duela pintxo domeken eskaintzaren aurrean. "Urtero egiten da, eta egia da jendea asko interesatu izan dela beti. Polita da, bizitasuna ematen diolako herriari". 

Aurten, lehiaketarik ez 

Aldaketa nagusi batekin datoz, aurten, pintxo domekak; izan ere, oraingo honetan, tabernariek ez dituzte pintxoak lehiaketa baterako prestatuko. "Hainbat aldaketa egon dira hamabi urteotan; izan dira aste bukaera gutxiago edo gehiago, bi pintxo edo bakarra tabernako... Bada, aurten tabernariekin elkartzerakoan erabakia izan zen lehiaketa formatua aldatzea. Lau partaide izanik eta pintxo bakarra tabernako, erabaki zuten eskas izango zela, akaso, lehiaketa bat egiteko", azaldu du Bilbaok. "Pintxo bereziak ipiniko dituzte, prezioa izango da 1,30 euro, eta mantenduko dena da pintxoen osagaiak asmatzeko lehiaketa. Lau tabernariak zeuden ados lehiaketa hori mantentzearekin. Joango gara ikusten formatu berriarekin kontuak nola eboluzionatzen duen", gaineratu du udal arduradunak. 

Taberna bakoitzak, beraz, pintxo bat eskainiko du. Osagaiak asmatzen dituzten bezeroen artean botila bat txakolin eta botila bat ardo ondu zozketatuko ditu bakoitzak. Lau tabernetako asmatzaile guztien artean, berriz, Gabonetako saski bat zozketatuko dute ostalariek. Pintxoak 12:00etatik 14:30era egongo dira salgai, bi domeketan. 

Bestelako ikuskizunak 

Hurrengo bi domeketako eguerdiko txikiteoa girotzeko, berriz, bertsolariak eta magoa ekarriko ditu Udalak Elgetara. 
Domeka honetan Ane Zuazubiskar eta Oihana Arana bertsolariak arituko dira bertsotan, tabernaz taberna. Bertsolariekin batera ibiliko dira kalez kale Eibarko trikitilariak ere. 12:30ean emango diote hasiera triki-bertso-poteoari. Hurrengo domekan, berriz, Kidam magoa ibiliko da tabernaz taberna magia trikimailuak egiten. Aurretik ere ezaguna da Kidam mago gasteiztarra Elgetan. 

Argazki lehiaketak ere ez du hutsik egingo. Azaroaren 24an jokatuko da, 12:00etan. Lau gai jasota beste hainbeste argazki aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek 16:00ak aurretik. Saria izango da Elgetako taberna batean erabiltzeko 50 euroko bonua. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak