Lehenengoa domekan, azaroak 17, izango da. Gaztaroa eta jokoarekiko mendekotasuna izango ditu aztergai, besteak beste, Julen Sanchez donostiarrak. Bere kasu pertsonala kontatuko du gaztelekuan bai gurasoendako bai gaztetxoendako. Gaiarekiko kezka handia dago gizartean, eta kontuan hartzekoak izango diren jarraibideak eskainiko ditu adituak. Saioa 18:00etan hasiko da. Saio hau gaztelekuak antolatu du.
Biharamunean, azaroak 18, Emoki elkarteko kide batek gidatuko du saioa. Bideberri mankomunitateak proposaturiko formakuntza saioa da eta gurasoendako izango da. Gaia izango da gaztaroa eta testuinguru digitala. Neska-mutikoen egunerokoan teknologia berriek zer-nolako eragina duten aztertuko dute saio horretan; izan ere, bizimodu digitalak, hiperkonektibitateak eta pantailen bitartez beste pertsonekiko ditugun loturek eragina dute ingurunearen pertzepzioan, garapen pertsonalean eta besteekiko harremanetan. Saio hori udaletxean izango da, 18:00etan.