1936ko urriaren 4ko erasoaldia hasi aurreko uneak irudikatuko dituzte, domekan, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urr. 4a, 09:00
'Elgetaren gainbehera' antzezpena, iazko apirilean.

Antzeztutako bisita gidatua izango da eta 60 bat boluntariok hartuko dute parte bertan. Bisita Mendizaleen plazatik abiatuko da, 13:00etan.

Elgeta erresistentziaren memoria jardunaldiei amaiera emateko, antzeztutako bisita gidatu berezia egingo dute, domekan, herrian.  Plazatik abiatuko da bisita eta eliza atarira egingo dute gerturatutakoek lehenengo eta behin. Bertan, frontera abiatzeko puntuan dauden miliziano eta gudari batailoiak ikusiko dituzte apaizaren bedeinkapena jasotzen. Arratia, Padura eta Arana Goiriko konpainiako gudariak izango dira gehienak.

Garai hartako bizargin postu bat, taberna bat, ospitalea eta aginte postu bat ere irudikatuko dituzte domekako antzezpenean. Milizianoen eta gudarien egunerokoa zelakoa zen ulertzeko balioko dute.

Emakumeei orduko gizartean ematen zitzaien trataera ere ekarriko dute gogora antzeztutako bisita gidatuan. Antolatzaileek garrantzi berezia emango diete gerrako biktima zibilei eta errefuxiatuen etorrera masiboa zein herriaren ebakuazioa ere irudikatuko dituzte. Bando batetik bestera aldatu ziren soldaduen errealitatea ere jasota geldituko da antzezpenean.

Amaitzeko, Zumaiako herri eskolako neska-mutikoek Anttoni Telleriaren omenez idatzitako bertsoak abestuko dira. Ekitaldian izango dira zumaiarrak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak banatuko duen Irrintzia agerkarian jasota egongo dira bertsoak bertaratutakoek ere kanta ditzaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak