Hiru elgetar Realaren ohorezko kadeteetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ira. 27a, 09:00
Realeko jokalari Karim Labaien, Jokin Zeziaga eta Abdurahim Labaien elgetarrak, kiroldegiko kantxan.

Jokin Zeziagak bigarren denboraldia du talde txuri-urdinean, eta oso pozik da, asko ari baita ikasten. Aurten, gainera, ez da elgetar bakarra izango: Abdurahim eta Karim Labaien anaiak ere taldean dira. Entrenamenduak abuztuaren 6an hasi ziren.

Jokin Zeziaga, Abdurahim Labaien eta Karim Labaien Realeko jokalariak dira. Aurrerantzean, ordu asko egingo dituzte Zubietan, eta gogotik egin beharko dute lan; izan ere, exijentzia maila ez da nolanahikoa. Baina gustuko lekuan aldaparik ez, eta oso gogotsu daude hiru gazte elgetarrak.

Herrikideak bakarrik ez, kintoak ere badira, eta, zalantza barik, esperientzia berri honek makina bat bizipen ekarriko die.

Txikitatik ia egunero kantxan

Elgetan aski ezaguna da hiru gazteen futbolarekiko zaletasuna. Inor gutxik eman ditu haiek beste ordu kiroldegiko kantxan. Makina bat baloi eta oinetako urratu dute bertan. Umetan, ia egunero bertaratzen ziren lagunekin zein nagusiagoekin futbolean jokatzeko.

Elgetako kantxatik Bergarako futbol taldera egin zuten jauzi, eta talde berean aritu izan dira hirurak. Gaur egun, pare bat orduko hiru edo lau entrenamendu egiten dituzte, astero, Zubietan. Aste batean hiru badira, hurrengoan lau izaten dira, txandaka. Aste bukaeran, berriz, partidua izaten dute.

Entrenamendu-saio gehienak baloiarekin izaten dira, baina gimnasioko lanketa eta emozioen kudeaketarako formakuntzak ere izaten dituzte. Erritmoa hori izanik, erraztasun batzuk ematen dizkie Realak. Zubietarako joan-etorriak egiteko taxi zerbitzua dute, eta, partidua zapatuarekin bada, Realaren erresidentzian egiten dute gaua barikuan, Zubietan entrenatu ostean.

Urtebete nagusiagoak, aurkari

Zeziaga erdi-punta lanetan aritzen da eta labaiendarrak, berriz, hegaleko jokalariak dira. Urte-bete nagusiagoak direnen kontra lehiatzen dira txapelketan. Motibatuta daude Realean: "Alde handiak daude. Lan erritmoa eta exijentzia maila beste bat da. Entrenamenduen intentsitatea ere bai", azaltzen du Zeziagak.

Gogorrena azterketa garaia izaten da. DBHko 3. maila ikasten ari dira Bergaran. "Entrenamenduetatik berandu iristen gara, eta batzuetan nekatuta, baina bagoaz aurrera".

Etorkizunari buruz galdetuta, oinak lurrean dituzte: "Gure helburua, orain, ikastea da, eta gauzak ondo egiten saiatzea. Ondo pasatzea ere bai. Gero gerokoak!", diote hirurek.

Jakitun dira horrelako aukera ez zaiola mundu guztiari ematen, eta ondo baliatu nahi dute. Jarraitzaile zintzoak dituzte etxean, eta, haien babesarekin, dena da errazagoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak