Elgetako Udalak 600 metro karratuko lur eremu bat alokatuko dio Erdeia-Tapem enpresari

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ira. 25a, 11:57

Iraileko osoko bilkura, atzo, Elgetan.

Hamabi urterako emakida izango da, eta aho batez hartu zuen erabakia udalbatzak, atzo. Horrekin batera, betetzeko geldituko den obra eta zerbitzuetako ofizial lanpostuarendako lan eskaintza publikoa onartu zuten, eta Udalak beste urtebeterako berrituko du Herrixa Dantzan ekimenarekin duen hitzarmena.

Iraileko osoko bilkura egin zuen atzo Elgetako udalbatzak. Hainbat gai izan ziren mahai gainean, horien artean Pagatza industrialdean dagoen Erdeia-Tapem enpresarekin Udalak sinatuko duen emakida edo kontzesioa.

Iraitz Lazkano alkateak azaldu zuen enpresak handitzeko premia duela, eta hainbat aukera aztertu ostean alde biek adostu dutela operatiboki irtenbiderik egokiena udal jabetzakoa den 600 metro karratuko lur eremu baten emakida sinatzea dela.

Lazkanok azaldu du hamabi urterako emakida edo kontzesioa izango dela eta hainbat baldintza bete beharko dituela enpresak. "Etorkizun batean desmuntagarria izango den egitura bat egiteko baimena izango du materiala gorde ahal izateko". Urteko alokairua 2.400 eurokoa izango da, BEZ barne eta enpresak 8.000 euroko bermea ipini beharko du edozer gauza gertatuta ere Udalak txukunketa, garbiketa edo deskontaminazio lanak egin ahal izateko. Enpresak jasotzen duen egoera berdinean itzuli beharko du lur eremua emakida amaitzen denean.

Obra eta zerbitzuetako ofizial lanpostua

Gaur egun lanpostu hori betetzen duen udal langileak erretiroa hartzen duela-eta betetzeko geldituko da laster obra eta zerbitzuetako ofizial lanpostua. Hala, udalbatzak 2019ko lan eskaintza publikoa onartu zuen atzo.

C2 taldeko azpi-eskala ofizialeko lanpostua da eta ikasketa maila eskakizuna da derrigorrezko bigarren hezkuntza graduatua bigarren hizkuntza eskakizunarekin eta B1 gidabaimenarekin. Agiri ofizialetan argitaratuko da orain lan eskaintza publikoa eta alegazioak aurkezteko epea zabalduko da.

Herrixa Dantzan

Udalbatzak aho batez onartu du, baita ere, Herrixa Dantzan ekimenarekin dagoen hitzarmena berritzea. Zortzi dantza ekitaldi izango dira, eta orain arte moduan kafe antzokia uzteko konpromisoa hartzen du Udalak. Horrekin batera, 1.500 euroko muga izango duen diru-laguntza hitzarmena adosten da. Diru horrekin, zuzeneko musika saioak ordainduko ditu Udalak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak