Lehen mailako musikariak dira, eta argi gelditu da hori Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak Ozkarbi elkartearekin elkarlanean antolatutako emanaldian. Askotariko piezak jo eta abestu dituzte, eta ordu eta erdi pasatxoko emanaldian ia etenik egin gabe, gainera.
Gitarrarekin nazioarteko makina bat talde entzutetsun ibilitako Tonky de la Peña madrildarra aritu da, eta teklatuan beste hainbat proiektutan dabilen Paul San Martin donostiarra.
Bertsioak egin dituzte, baina ez dira asko izan. Librean ibili dira ia kontzertu osoan, eta begirada bat nahikoa zuten elkar ulertzeko eta txandaka zein batera erakustaldi ederrak egin dute nork bere esparruan. Instrumentuekin nahi dutena egiteko gai dira argi eta garbi gelditu da.
Egiten duten horrekin hartzen duten gozatua ere ez da Elgetan oharkabean pasa. Ikusi egiten da benetan gozatzen dutela eta hori transmititu egiten dute. Dantzarako zaletuegiak ez direnei ere kosta egin zaie gaur geldirik egotea, eta musikaren erritmora mugitu dira Ozkarbi elkartean aldakak, sorbaldak eta oinak. Tonky de la Peñaren maisutasuna, gainera, ez da gitarrara mugatzen eta eszenatokietan duen urteetako esperientzia ere asko nabaritu da. "Giro ederra duzue Elgetan", esanez amaitu du kontzertua Tonky de la Peñak. Jarraian hainbat argazki atera behar izan ditu Elgetan egindako jarraitzaile berriekin.