Elgetako mendi lasterketa zaleek Intxortako Ahuntzak elkartea sortu dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ira. 13a, 09:34
Intxortako Ahuntzak taldeko kideetako batzuk, elastiko berriak soinean dituztela, astelehenean, Intxortan. (Iturria: Intxortako Ahuntzak)

Hurrengo barikuan aurkeztuko dute Intxortako Ahuntzak izeneko taldea, plazan. Zaletasun bereko hogei bat lagun elkartu dira, eta ateek zabalik jarraitzen dutela esan dute. Bazkaria egingo dute hilaren 21ean. Kamisetak ere atera dituzte.

Mendiarekiko zaletasuna osasuntsu dago Elgetan. Enduro zaleek Piñukoku taldea sortu zuten urte hasieran, eta hurrengo aste bukaeran aurkeztuko du Intxortako Ahuntzak elkartea mendi lasterketetan ibiltzen den herritar talde batek. "Aste Santuan hasi ginen elkartea sortzeko kontuarekin. Sei bat lagun izango ginelakoan geunden, baina, azkenean, 22 heldu elkartu gara. Neska-mutiko batzuk ere gerturatu dira", azaltzen du elkarteko presidente Ruben Sanchezek.

Kirol elkarte moduan eratu dira, eta 15 euroko kuota ezarri dute. Partaideei dagokienez, emakumeak eta gizonak daudela azaldu du Sanchezek. "Oihana Kortazar taldean da. Argider Txurruka eta Iratxe Alonso ere bai. Emakumeak ere badabiltza mendian, eta gerturatu dira elkartera".

Mendi lasterketekiko zaletasuna elkarbanatzea, elkarren berri edukitzea, informazioa trukatzea, herrian zaletasuna sustatzea... hainbat helbururekin jaio da Intxortako Ahuntzak elkartea, eta etorkizunean lasterketa bat edo trail ibilbideak egitea ere gustatuko litzaieke."Elgeta mendiz inguratuta dago. Beste leku batzuetan baino baldintza hobeak ditugu", azaldu du Argider Txurrukak. Hainbat arlotarako ikusten du taldea onuragarri: "Lasterketetara elkarrekin joateko, prestaketa edo entrenamenduak bakarrik ez egiteko...". Asegurua eta federatu txartela egiteko ere lagungarri izango da.

Maila askotariko mendi lasterkariak daude Intxortako Ahuntzak elkartean. Kide izateko eskatzen dutena da urtean, gutxienez, lasterketa edo mendi martxa batean parte hartzea.

Aurkezpena hilaren 20an

Bariku iluntzean, kamisetak saltzeko mahaia ipiniko dute plazan, eta luntxa ere iragarri dute. Jendaurreko aurkezpena izango da. Biharamunean, hilak 21, Intxortako Igoeran parte hartzekoak dira taldeko hainbat lagun, eta beste hainbati antolakuntzan aritzea egokitu zaie. Orduan estreinatuko dituzte taldeko elastikoak. Salmentarako atera dituzten kamisetei dagokienez, 4 urtetik aurrerakoendako daude, neska zein mutil, eta prezioa 15 euro da.

Erlazionatuak

Intxortako Ahuntzak, Intxortan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019 ira 13 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak