Hemezortzi legebiltzarkide dira taldean eta gaurko lan saioan guztiak egon ez badira ere gehienak Elgetan izan dira. Rebeka Ubera parlamentari elgetarrak gonbidatuta izan dira herrian, esaterako, Maialen Iriarte, Jasone Agirre, Julen Arzuaga, Mikel Otero, Oihana Etxebarrieta edo Iker Casanova.
Aholkulari taldearekin batera ikasturte politiko berriaren hasiera prestatzeko lan bilera egin dute kultura etxeko bigarren solairuko gelan. Ondoren, Ozkarbi elkartean bazkalduko dute.
Ikasturte politiko berria
Legebiltzarrak irailaren 20an emango dio hasiera ikasturte politiko berriari politika orokorreko osoko bilkurarekin. EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek aurkeztuko du bertan EH Bilduri dagokion politika orokorreko irakurketa, eta gaurko saioan ildo nagusiak finkatu dituzte. Taldekideek arlokako gaien kontu ematea egin dute, eta horrekin batera aurrera begirako ekimenen aurreikuspena egin dute.
Debagoieneko EH Bilduko legebiltzarkideak ere bertan izan dira. Mahaiaren bueltan ziren Larraitz Ugarte oñatiarra, Maider Otamendi eskoriatzarra, Rebeka Ubera elgetarra edo Ander Rodriguez arrasatearra.