127 ikaslerekin emango diote hasiera ikasturteari Elgetako Herri Eskolan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ira. 6a, 09:00

Ikasle taldea iaz Elgetako Herri Eskolan. (Iturria: Elgetako Herri Eskola)

Astelehenean emango diote hasiera ikasturteari neska-mutiko gehienek. Egun batzuk beranduago hasiko dira bi urteko gelako hamar umeak. Zaintza gela, ingeleseko eskolaz kanpokoak eta ludoteka ere abiatzear dira.

Azken opor egunak dituzte Elgetako neska-mutikoek. Astelehenean itzuliko dira ikasgeletara. 2019-2020 ikasturtea  09:00etan hasiko da. 

Elgetako ikastetxeak bederatzi talde izango ditu aurten. Haur Hezkuntzan lau talde izango dira eta Lehen Hezkuntzan bost talde; izan ere, LH 4ko eta LH 5eko ikasleak talde bakarrean elkartuko dituzte. "Azken urteetan gora egin du ume kopuruak, baina iaztik hona ez da asko aldatu. Iaz 129 ikasle izan genituen eta aurten 127", azaldu dute zuzendaritzatik.

Bi urteko gelan, aurten, hamar neska-mutiko izango dira. Horiek egun batzuk beranduago hasiko dira eta egokitzapena egingo dute urrira bitartean. Gainerako ikasleek jardunaldi trinkoa izango dute bai astelehenean bai martitzenean. Jangela zerbitzuko erabiltzaileak 14:30ean amaituko dute bi egun horietan, eta gainerakoek 12:30ean Haur Hezkuntzako ikasleak badira eta 13:00etan Lehen Hezkuntzakoak badira. Irailaren 11tik aurrera hasiko dira guztiak ohiko ordutegiarekin.

Irakasle taldea 22 hezitzailek osatuko dute aurten. Ikasturteko erronkei buruz galdetuta ikastetxea hiru urteko egitasmo berri batean sartuko dela azaldu dute zuzendaritzatik. "Egitasmoaren izena da Haur Hezkuntzan berariazko egitasmo esperimentala. Prestakuntza berrikuntza jarduerak eskolan. Berritzegunetik aholkularitza eta formakuntza jasoko dugu eskolan". Ikasturte hasierako guraso bilerak irailaren bigarren hamabostaldian egingo direla jakinarazi dute.

Udala, berriz, lanak egiten ari da eskola atariko aterpe berrian. Bizikleta guneraino zabaltzen ari dira. Ur-hoditeriak jarriko dizkiote eta ateak duen kolorearekin margotuko dute.

Haur eskola

Ikasturtea martxan da haur eskola zerbitzuan. Hezitzaileak irailaren 2an hasi ziren haur eskola ikasturte berrirako txukuntzen eta prestatzen. Haurrak, berriz, atzo hasi ziren. Hiru haur hasi dira. Haur eskola irekita mantentzeko gutxieneko kopurua dela adierazi dute haur eskolatik. Beste familia bat ere gerturatu da haurra matrikulatzera; beraz, lau ume izango dituzte. Hezitzaileak, berriz, bi dira.

"Ordutegia ez da oraindik zehatza, familien beharren araberakoa izaten baita", azaldu dute. Oraingoz, 08:30etik 16:00etara emango dute zerbitzua haur eskolan. Matrikulazio kanpainari dagokionez, urrian zabalduko da, berez, hurrengo epealdia. Dena den, eta kontuan izanda ume gutxi dagoela, zabalik mantenduko dute izenematea bitarteko asteetan ere.

Goizeko zaintza gela, ingelesa eta ludoteka

Hirugarren ikasturtez goizeko zaintza gela eskainiko du guraso elkarteak eskola egunetan, 08:00etatik 09:00etara. Beharrik balego 07:30etik ere eska daiteke zerbitzua. Gero eta erabiltzaile gehiago ditu eta egonkortzen doa. Izenematea zabalik da elgetakogurasoelkartea@gmail.com helbidean edo 635 74 08 13 (Virginia) zein 653 72 40 28 (Nerea) telefonoetan. Prezioa da hileko 70 euro, hil erdiko 40 euro eta bost sarrerako bonua 20 euro.

Eskolaz kanpoko ingeleseko eskolak ere antolatuko ditu aurten guraso elkarteak. Interesatuek zabalik dute izenematea. 

Udalak, berriz, eguaztenean zabalduko du ludoteka zerbitzua. Lehen hiru egunetan, gainera, ate irekiak egingo dituzte, 16:00etatik 17:00etara familiei zerbitzua ezagutzera emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak