Cie Automotive enpresak Elgetan duen Cie Alurecyko langileak ekainetik daude mobilizazioetan. Zuzendaritzak abenduan itxi gura du Elgetako planta.
Aurretik egindako elkarretaratzeetan LAB sindikatuko ordezkari Xabi Llodiok azaltzen zuen itxierak atzera bueltarik ez badu hemeretzi langileen lanpostuak ziurtatzeko eskatzen diotela zuzendaritzari. "Cie Automotive talde handia da eta baditu beste planta batzuk inguruan", adierazten zuen.
Langileak greban, gaur
Greban daude gaur Elgetako plantako langileak. LABeko delegatu Mikel Romanelliren esanetan denek egin dute bat deialdiarekin. "Egoera berdinean jarraitzen dugu. Negoziazioetan ari gara, baina enpresak ez du soluziorik ematen. Posizio berdinetan da, eta langileak erreta gaude ikusten ari garelako helburua dela denbora pasatzen uztea".
Egoera aldatzen ez bada mobilizazio gehiago eta handiagoak egingo dituztela adierazi du Romanellik. "Astebete dela egin genuen azken batzarra zuzendaritzarekin eta bihar dugu hurrengoa", jakinarazi du. "Gaur egun osoko greba egiten ari gara eta ezer mugitzen ez bada irailerako greba mugagabea prestatuko dugu. Eskatzen duguna da enpresak negoziazioa serio hartzeko. Egoera lehenbailehen konpontzea behar dugu eta benetako konpromisoak".
Saiatu bada ere Goienak ez du enpresarekin egoteko aukerarik izan.