Andoni Ollokiegi: "Elgeta dago jendez beteta..."

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko eka. 21a, 22:25

Ordu eta erdi pasatxoko saioa egin du Bago!az lehiaketako kide Andoni Ollokiegik, Ozkarbi elkartean. Gitarra besterik lagun ez duela euskal kantutegiko pieza esanguratsuenak ekarri ditu Elgetara. 

Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak Ozkarbi elkartearekin elkarlanean antolatutako emanaldian dezenteko gaztetxo elkartu ditu gaur Andoni Ollokiegik. Formatu txikiko kontzertua egin du; izan ere, gitarra izan da emanaldirako ekarri duen tresna bakarra, baina argi erakutsi du nahikoa eta sobera duela.

Egiari zor ez du askoz ere gehiago behar pasaitarrak. 27 urte izanagatik argi erakutsi du ondo ezagutzen dituela oraingo zein lehenengo euskal kantuak eta askotariko taldeen piezak eskaini ditu bata bestearen atzetik kateatuta Ozkarbin. Errepaso ederra egin dute haren eskutik bertaratutakoek.

Bago!az lehiaketan ondo erakutsi duen moduan kanturako dohain nabarmenak ditu Ollokiegik, eta orokorrean musikarako. Gitarrarekin edozein kantu jotzeko gauza da, eta inprobisatzea ez du arazo. Bestetik, umorea ere ez zaio falta eszenatokian bakarrik egonagatik ere publikoa poltsikoratzeko. Gitarrako bizpahiru soka apurtu zaizkio gaurkoan, eta elgetar batek etxetik ekarritako instrumentuarekin jarraitu du emanaldia inongo arazorik gabe.

Elgetarendako kantua ere sortu du di-da batean gaur arratsaldeko emanaldian. Lelo nagusia izan da: "Elgeta dago jendez beteta...", eta biziki eskertu diote entzuleek.

Poliki-poliki jende gehiago gerturatu da emanaldira eta beste adin batekoa. Amaieran, autografoak ere sinatu ditu Ollokiegik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak