Udako solstizioa ospatzeko prest, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko eka. 20a, 14:06
Elgetako gazte bi San Juan suaren gainetik salto egiten.

Herriko neska-mutikoek gertu dute sua egiteko piloa Bolatokian. Domekan iluntzean piztuko dute. Maala guraso elkarteak, berriz, jokoak eta ogitartekoen banaketa iragarri ditu. Biharamunean ikasturte amaierako saioa egingo dute musika ikasleek, Espaloian.

Eginda dago piloa Bolatokiko kantxa ondoan. Badira aste batzuk herriko neska-mutikoak lanean hasi zirela. Domeka da aurten ekainaren 23a, eta, urtero moduan, ilundutakoan piztuko dute sua Elgetan.

Sutan erreko duten panpina ere gertu dute. Ludoteka eta gazteleku orduetan egin dute arlotea asteotan, horretarako propio antolatu diren tailer berezietan.

Plaza jokoak eta ogitartekoak aurretik

Maala guraso elkarteak, Udalarekin elkarlanean antolatuta, Kalaka jokoak iragarri ditu domeka arratsalderako. Aurreko urteetan DJ festa egin bada ere, aurten bestelako proposamena gertatu du guraso elkarteak, eta 18:00etatik 20:00etara zurezko plaza jokoak eta joko kooperatibo erraldoiak izango dira Bolatokian.

San Juan bezperako bigarren nobedadea urteroko ogitarteko banaketan izango da. 20:30erako iragarri dute, eta, neska-mutikoek ogitartekoak doan jasoko badituzte ere, gainerakoendako prezioa 2 euro izango dela jakinarazi du guraso elkarteak.

Urtero moduan, luze joko du San Juan bezperak Elgetan. Suaren gainetik salto egitea da usadio zahar honetatik gaur egunera arte iritsi den ohituretako bat.

Musika ikasleen saioa zapatuan

Bezperan, berriz, ikasturte amaierako emanaldi berezia egingo dute Elgetako musika ikasleek. Espaloia kafe antzokian izango da saioa, 12:00etan. Neska-mutikoek Lorea Larrañaga eta Maitena Mañarikua musika irakasleen gidaritzapean egingo dute emanaldia. 31 ikaslek hartuko dute parte eta gitarra, pianoa eta bonbardinoa joko dute, entzutera gerturatzen diren guztiendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak