Iraitz Lazkano: "Gobernu egonkorra osatzeko asmoa dugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko eka. 15a, 13:29

Hamar minutuko ekitaldian izendatu dituzte Elgetan udalbatza berria eta hurrengo agintaldirako alkatea. EAJk ez du alkategairik aurkeztu eta abstenitu egin da Iraitz Lazkanoren izendapenean. Zinegotzi berriek hilaren 25ean egingo dute agintaldiko lehenengo osoko bilkura.

Ez zen ezusterik espero, eta ez da egon. Elgetako udalbatza berriaren eratze-ekitaldia eguerdian puntuan hasi da eta bete egin da udaletxeko areto nagusia. Kargua hartzekoak ziren hautetsien senitartekoak eta lagunak, askotariko herritarrak eta Lazkanok 2015ean alkatetza hartu aurretik Elgetan izandako azken bi alkateak –Patxi Basauri eta Oxel Erostarbe– zeuden publikoan.

Ordua iritsi denean Gotzon Goikoetxea idazkariak hartu du hitza, eta banan-banan esan ditu zinegotzi kargua hartzera deituta zeuden bederatzi lagunen izenak; EH Bilduko sei ordezkari eta EAJko hiru. Txalo artean egin dute udal osoko bilkuren mahairako bidea.

Ondotik, Adineko Mahaia izendatu dute. Iraitz Lazkanok eta Garbiñe Irazabalek osatu dute. Udalbatza eratzeko dokumentazioa ondo dagoela ziurtatu ostean gelditu da izendatuta hurrengo agintaldirako udalbatza. EH Bildutik Iraitz Lazkanok, Ane Bilbaok, Sebastian Aranzabalek, Garbiñe Irazabalek, Ibai Larrañagak eta Ibai Etxanizek hartu dute kargua.  EAJtik, berriz, Aintzane Oiarbidek, Irune Berasaluzek eta Josu Leturiak.

Alkatearen izendapena

Alkatea aukeratzeko txanda etorri da ondotik. EH Bilduk Iraitz Lazkano proposatu du, eta EAJk hautagaitzarik ez aurkezteko erabakiaren berri eman du. EH Bilduko ordezkarien aldeko sei botoekin eta EAJko hiru zinegotzien abstentzioarekin Iraitz Lazkano izendatu dute alkate.

Txaloekin hartu dute berria osoko bilkuren aretoan bildutakoek, eta hitz batzuk esan ditu Lazkanok. Lan taldeko kideen konpromisoa eskertu du, eta horrekin batera aurreko agintaldian Udal Gobernuko kide izan zituenak izan ditu gogoan.

Argazkien eta zorion agurren txanda izan da gero. Lazkanok jaso dituen lehenengo zorion agurrak aurreko alkateenak izan dira. Patxi Basaurik lehenengo eta Oxel Erostarbek gero, biek zoriondu dute alkatetzan bigarren agintaldia egingo duen Iraitz Lazkano.

Erlazionatuak

Udalbatza berriaren eraketa, argazkitan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019 eka 15 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak