Ikastetxeko ateak zabalik egon dira gaur arratsaldean, eta neska-mutikoek zein familiek hainbat txokotan gertatutako ekintzetan parte hartzeko aukera izan dute. Prestaketa lanetan elkarlanean aritu dira irakaslek eta guraso elkarteko kideak, eta neska-mutikoek asko gozatu dute egunak emandakoarekin.
Ipuin kontaketak, antzerkia, Izar Han Xue Irazabal Gillegik ganbarako hormetan egindako marrazkia margotzeko tailerra, jolasen txokoak... izan dira proposamenetako batzuk. Haur Hezkuntzako jolastokian fruta-burruntzi tailerra ere egin dute, eta txokolatea ez da falta izan. Henna, tatuaje eta ilea margotzeko txokoa ere egon da.
Frontoiaren goiko aldean, berriz, xaboizko burbuilen tailerra eta patin zirkuitua izango dituzte umeek.
Erakusketa eta dantzak
Ikasturtean zehar ateratako argazkiak eta egindako lanak ikusgai egon dira frontoian, eta 15:20ean lau pieza dantzatu dituzte umeek irakasleekin batera. Guraso eta senitarteko ugari elkartu da horiek ikusteko. Zalantzarik gabe harrera ona izaten duen ekintza da.
Astebete gelditzen da udako oporrak hartzeko. Azken irteerak egiteko eta ikastetxea txukuntzeko egunak izango dira gehienak.