Erromesak Elgetatik pasatzen zireneko aztarnak

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko eka. 14a, 10:26
Bisitariak San Adrian ermitako aldarera begira.

Arantzeta eta Uriarte auzoetan dagoen ermita kopurua ez da nolanahikoa. Donejakue bidearekin lotura duten santuei eskainita daude, eta jakinekoa da erromesendako ospitalea izan zela Maalan. Compostelarako bidearen bi adar elkartzen ziren Elgetan.

Arantzeta eta Uriarte auzoetako ermitak ezagutzera emateko bisita gidatua egin zuten zapatuan. Ezkutuko altxorrak programaren barruan antolatua, hamar bat lagunek entzun zituzten Nerea Villaren azalpenak.

Maala, Santutxua, Uriarteko Ama, San Adrian, San Martin eta San Blas ermiten berri jaso zuten. "Uste dugu Arabarako bidean Donejakue bidearen bi adar igarotzen zirela Elgetatik: Eibartik zetorrena eta Bergaratik zetorrena. Arantzeta inguruan egiten zuten bat", azaldu zuen.

Uriarteko Ama

Gaur egun desagertuta dagoen Maalako ospitalearen ingurukoak entzun ostean, Uriarteko Ama ermitaren hondarrak ikustera jaitsi ziren bisitariak. Horma zati batzuk besterik ez da gelditzen, baina leku esanguratsua da Elgetan. Herriaren sorrera Olaegi eta Jalotza inguruetan kokatu zenean eraiki zuten, eta haren atarian egin omen ziren lehen kontzejuak eta baita ere lehen ehorzketak.

1936koak dira azken berritze lanak, eta baita ere azken meza; izan ere, gerraren etorrera erabakigarria izan zen. Herritarrek hustu zuten ermita, eta soldaduek babesleku gisa hartu zuten. Oso hondatuta gelditu zen, eta ondorengo mantentze-faltak egin du gainerakoa.

Ermitako figurak Elgetako parrokian daude gaur egun. Aldare nagusian dagoena Uriarteko Ama da.

San Adrian ere, arriskuan

Aldameneko etxea San Antonio da, eta izen horrekin ezagutzen dute herritar askok ermita, baina San Adriani eskainitako otoitz-lekua da. XVI. mendeko eraikuntza dela uste dute adituek, eta 1969koa eta 2005ekoa dira azken berritze lanak.

Mantentze beharra du ermita horrek ere. Ondo mantendu da orain arte, baina hormak zartatzen hasita daude, eta habe nagusi batek itxura oso txarra du. Aldareko margolana ere oso kaltetuta dago.

San Martin ermita, Ojanguren baserrian

 Beste bat zen ermitaren hasierako kokapena, baina jausi egin zen gerra ostean, eta kokapen berria du orain. "San Blas ermitaren berdina zen. Santua ganbaran eduki genuen gordeta urte askoan. Jose Beketxe lehengusua izan zen bertan bataiatutako azken elgetarra, eta haren nahia izan zen berriz ere altxatzea. 1979an egin genuen ermita berria". Ojanguren baserriko Isabel Ojangurenek eman zizkien azalpenak bisitariei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak