Askotariko ekintzak antolatu dituzte gaurko jaialdirako, eta horiek guztiak "familiei zabalik" egongo dira.
Ipuin kontaketa
Haur Hezkuntzako 3 urtekoen gelan egingo dute ipuin kontaketa; ipuinak kontatzera bi ama joango dira. Saio hori 3 eta 4 urteko umeei zuzenduta egongo da, 14:45etik 15:20ra.
Ordu berean, baina liburutegian, lehen hezkuntzako bigarren mailako ikasleek antzerkia egingo dute: saio horretara gonbidatuta egongo dira HH5 urtekoak eta LH 1. mailakoak. Gainontzeko ikasleak –LH 3, 4, 5 eta 6 mailetakoak– tailer ezberdinak egiten ibiliko dira. Gainera, ikastetxeko ganbaran, Izar Han Xue Irazabal Gillegik egindako marrazkia margotzen ibiliko dira 5. eta 6. mailako ikasleak. Horma bat gaur margotuko dute eta bestea udalekuetan.
Askotariko tailerrak
Jolasen txokoa izango dute gaztetxoek gaurkoan kirol eta jolas ezberdinak ezagutu eta praktikatzeko. Jolastokiko belarretan izango da hori. Horrez gain, haur hezkuntzako jantokian fruta-burruntzi tailerra egingo dute –gurasoek lagunduta–; eskolako sarreran henna, aurpegi margotze eta tatuaje txokoa izango dute; jolastoki gaineko plazan xaboizko burbuilen tailerra egingo dute; eta, jolastokian patin zirkuitua izango dute. Bi erakusketa ere egongo dira: liburutegian jarriko dituzte ikasturtean zehar ateratako argazkiak, eta frontoian eskulanen erakusketa egongo da.
'Erre zenituzten sorginen'
15:20ean tailerrak geratuko dituzte eta eskola kanpoan elkartuko dira dantzarako: guztiek elkarrekin Erre zenituzten sorginen dantzatuko dute. 16:00etatik aurrera haurrak gurasoen ardurapean geratuko dira eta jaiak jarraitu egingo du.
Barikuan, bazkaria
Ikasturtea amaitzeko astebete falta den honetan, kurtso amaierako irteerak egiten dabiltza gaztetxoak. Orion, Seguran, Getarian eta Elorrion izan dira eskolako ikasleak. Hurrengo barikuan, ekainak 21, bazkaria egingo dute frontoian irakasle eta ikasleek elkarrekin.