Arantzako aterpean eta Getariako gaztetxean jo ostean Elgetara iritsi zen atzo EH Sukarra taldearen 'Zugaz Tour 2019'. Atzoko kontzertuaz galdetuta, balorazio positiboa egin du taldeko Mikel Gorosabel 'Norton'-ek: "Oso gustura egon ginen, giro polita sortu zen. Pena da ez zela jende asko ibili, baina hala ere oso ondo sentitu gara".
Ez zen EH Sukarrak Espaloia kafe antzokian jotzen zuen lehen aldia eta antolakuntzako Iker Muruamendiarazen esanetan,"espero baino jende gutxiago ibili zen, 60 lagun inguru. Dena den, giro polita sortu zen eta gerturatu zirenak oso gustora egon ziren kontzertuan".
Uda osorako dituzte aurreikusita kontzertuak EH Sukarrakoek, hurrengoa datorren egubakoitzean bertan, Soraluzeko Herriko tabernan.