Mikel Gorosabel 'Norton': "Birako hirugarren kontzertua izango da Elgetakoa, eta gogotsu gaude"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mai. 31a, 13:30
EH Sukarra taldeko Mikel Gorosabel 'Norton'. (argazkia: EH Sukarra)

EH Sukarrak Arantzako aterpean eman zion hasiera Zugaz Tour 2019 birari, eta Getariako gaztetxean egin zuten bigarren kontzertua, aurreko zapatuan. Laster beteko dira 30 urte Eibarko taldea entseatzen hasi zela.

Mikel Gorosabel Norton gogotsu dago Elgetako emanaldirako. Zapatuan joko dute Espaloia kafe antzokian, 22:30ean. Sarrerak salgai daude 12 euroan. Egunean bertan, leihatilan, prezioa izango da 15 euro.

Zer moduzko hasiera izan du Zugar Tour 2019 birak?

Oso pozik gaude. Arantzako aterpean eman genion hasiera maiatzaren 11n eta Getariko gaztetxean jo genuen aurreko zapatuan. Biak joan ziren oso ondo, baina Getarikoa sekulakoa izan zen. Jende asko hurbildu zen eta dena bete genuen. Kontzertu indartsua izan zen, antzinako denboretan bezalakoa. Eta jende gaztea etorri zen, gu hasi ginenean jaio gabe zeudenak. Erotuta gainera lehenengo kantutik. Oso gustura amaitu genuen.

30 urte entseatzen hasi zinetela. Azkar esaten da.

Bai, denborarekin ez dakit zer gertatzen den bat batean pasatzen da... [BARRE]. 1989ko urrian egin genuen lehenengo entsegua, eta 1990ko uztailean egin genuen lehenengo kontzertua Soraluzeko gaztetxean.

Eta duela 30 urteko EH Sukarra zarete?

Ez gara duela 30 urteko EH Sukarra, noski ezetz. Baina gauza batzuetan galdu egiten da eta beste batzuetan irabazi. Nire ahotsa, esaterako. Uste dut urteekin ahotsa sendotzen joan dela edo norbera joan da ikasten. Ez dakit ziur. Baina puntu oso onean sumatzen dut nire ahotsa. Jotzen ere antzera gertatzen da. Ez daukazu lehengo indar hori 50 urteren bueltan gauden honetan, baina beste jakituria ere bat badago. Beste esperientzia maila bat.

Ze errepertorio prestatu duzue Elgetarako?

Kantu zerrenda nahiko potentea egin dugu. Jendeak ezagutzen dituen kantu asko joko ditugu. Egin ditugun diskoetako esanguratsuenak. Eta berriak ere bai. Batzuk arrakasta nahiko ona izaten ari dira eta modu bat da publikoari kantu berriak aurkezteko. Nahasketa bat izango da.

Publikoa aldatu zaizue 30 urteotan?

Gure publikoa 30 urtetik gorakoa izan da azken boladan, baina egia da sumatzen ari garela aldaketa bat. Belaunaldi berriak ari dira emanaldietara gerturatzen. Gernikan eta Arantzan horrela izan da, eta oso pozgarria da belaunaldi berriak ikustea.

Bakarkako esperientzia ere izan dugu ez dela asko.

Bai, diskoa atera nuen. Musika egiteko premia dut eta azken boladan egindakoak tiradera batean gorde beharrean diskoa kaleratu nuen. Kantu lasaiagoak izan dira akaso, baina rockeroak ere egin ditut... Beno, atera zaidana dago disko horretan. Gaineratu behar dut esperientzia oso polita izan dela hamaika idazlek letrak egiten lagundu izana.

Ezagutzen duzue Elgetako Espaloia?

Bai. Jo genuen behin eta Eibartik gertu dago.

2015ekoa da EH Sukarraren azken diskoa. Baduzue besterik ateratzeko asmorik?

Atzo grabatu genuela dirudi! Une honetan, egia esan, zuzenekoetan ari gara. Sekulako errepertorioa dugu eta hori lantzen ari gara zuzeneko onak emateko intentzioarekin.

Diskoa? Gauzak horiek berez ateratzen direla uste dut nik. Sortzen hasten naizenetik eta kantu multzotxoak egiten direnean, orduan gorpuzten da diskoa egiteko ideia. Dena den, diskoak ateratzea ez da batere esker onekoa gaur egun. Sormena uzten duzu bidean eta arrakasta edukitzea oso zaila da. Ez zait mezu hau ematea gustatzen, baina konpentsazioa –pertsonala zein ekonomikoa– ez da pentsatzen duzun bestekoa izaten. Baina tira... beti joaten gara gauzak sortzen eta inongo intentziorik gabe, gainera. Diskoa? Agian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak