Txikiak izanagatik gerta daiteke neska-mutikoak ere larrialdi egoeratan egotea. Horrelakoetan zelan jokatu erakusteko saio bereziak izan dituzte asteon Herri Eskolan. DYA Gipuzkoako hezitzaile batekin egin dituzte saiook eta bi ideia nagusi ulertarazten saiatu da: ahal duten neurrian lasai egoteko eta beharrezko ikusten badute 112 telefonora deitzeko.
Adinaren araberako azalpenak eman ditu hezitzaileak eta hainbat egoeratan ipini ditu neska-mutikoak. "Zauri bat parkean, gurekin den pertsona bat mareatzea, konortea galtzea... Horrelakoak askotan ez direla larritzekoak adierazten saiatu naiz. Akaso pertsona hori beroak dago, eta ura behar du, edo...", esan du hezitzaileak.
Etxetik eramandako panpinekin egin dute saioa neska-mutiko gehienek, eta nagusienek suspertze ariketak ere ikasi dituzte. "Antzerki txikien bitartez hainbat egoeratan jarri ditut eta horrelakoetan zelan jokatu behar den entseatu dugu". 112 telefonoaren garrantzia ondo txertatuta gelditzeko zenbaki hori buru gainean duela egin ditu saioak hezitzaileak.
Neska-mutikoek arreta handia ipini dutela esan du, eta nabarmentzekoa dela Elgetako umeen parte-hartze handia.