Elgetako EAJ: "Elgetarren etorkizuna bermatzeko zutabe nagusia sustapen ekonomikoa da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mai. 24a, 11:11

Aintzane Oiarbide alkategai jeltzalea Elgetako lantaldearekin programa prestatzen. (Argazkia: Elgetako EAJ)

Prestatu duten programaren ardatz nagusien berri eman dute jeltzaleek. Herri proiektu sendoa burutuko dutela adierazi dute, eta ez dutela beste aukerarik ikusten. 

Elgetako hautagai jeltzaleek adierazi dute gogoz aritu direla lanean Elgetaren behar nagusiak jasotzen dituen programa burutzeko, eta Aintzane Oiarbide alkategaiak adierazi du Elgetaren motor ekonomikoa industria dela. "Industriak eta enpresak dira Elgetako ekonomia osoa mugitzen dutenak, lanpostuak sortzen dituztenak, tabernak eta dendak ireki arazten dituztenak...  Azken urteetan, EH Bilduren gobernuak ez du inolako saiakerarik egin industrialdeko edo nonahiko enpresen egoera jakiteko, dituzten beharren berri izateko edo beste industriak erakartzeko. Argi dugu ahalegin luzea bada ere honetan lan handia egin behar dela seme-alabentzat etorkizuna bermatu nahi badugu. Eta udaletxea da hori guztia bultzatu behar duena. Aberastasunik gabe ez da kalitatezko zerbitzurik, eta EAJrentzat pertsonak dira helburu", esan dute.

Justizia soziala eta gizarte politiken garrantzia ere azpimarratu dituzte. "Inor bazterkerian ez uzteko" Aldundiarekin batera lan egin beharra adierazi dute.

Mugikortasuna eta berdintasuna

Mugikortasunari dagokionean Karabietarantz oinezkoen bidea egitea eta alde zaharra gurpildun aulkientzat egokitzea azpimarratu dituzte lehentasun moduan. "Elgetaren itxura berreskuratzeko kaleak, belardiak, lorategiak, eta Asentzio inguru osoa garbitzeko eta mantentzeko plangintza egingo dugu. Hiri altzari berriak ere erosiko ditugu eta horien mantentzeak lehentasuna izango dute". Estalitako jolas-parkea, umeentzako ur jolasak eta eskola atariko aterpea egiteko proiektuak aztertuko dituztela ere esan dute.

Berdintasunaren aldeko politikak, kontziliazioa, eta emakumearen lekua aldarrikatzea politika transbertsalen helburu izango direla esan dute. Arlo horiek hezkuntzaren bitartez ere landuko dituztela jakinarazi dute, eta garrantzia ematen diote euskararen erabilera bultzatzeari. "Teknologia berrien beharra ere azpimarratzekoa da", esan dute. "Diputazioaren eskutik, lehenbailehen eramango dugu banda azkarra baserrietara eta enpresetara".

Kultura eta etxebizitza

EAJko hautagaiek esan dute kulturaren sustapena dela prestatu duten programako beste puntu nagusietako bat. "Kultura eragileekin lankidetza ezinbestekoa da. Elgeta aberatsa da horretan, gogoa duen jendea badago ekitaldiak antolatzeko baina ez dute udalaren benetako laguntzarik. EAJk eskatzen du kultura ekitaldiak eragile horiekin elkarlanean sortzea eta antolatzea, udalaren laguntza programatuarekin".

Elgetarren arteko kohesioa handiagoa izan dadin belaunaldien arteko elkarlana ere bultzatuko dutela esan dute jeltzaleek. Gazteendako alokairuzko etxebizitzak eta nagusiendako zahartze aktiboa aldarrikatu dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak