Asteburuan jokatuko dira finalerdiak eta finalak

Maialen Regueiro 2019ko mai. 17a, 10:33

Emakumeak frontenis txapelketa jokatzen. (Argazkia Idoia Serna)

Maiatzaren 4an hasi zen frontenis txapelketa, hogeita hiru bikoterekin –hamar emakumezkoetan eta hamahiru gizonezkoetan–. Bihar, gizonezkoen kanporaketak jokatuko dira, baina finalerdiak eta finalak igandean jokatuko dira herri pilotalekuan. Emakumezkoek domekan jokatuko dute, 09:00etatik aurrera. 

Badira urte batzuk frontenis txapelketa antolatzen ez zela Elgetan. Izan ere, azken bi urteetan txapelketa antolatzeko saiakera egon da antolatzaileen aldetik, baina apenas eman du jendeak izena parte hartzeko. Maiatzaren 4an hasi zen txapelketa, eta, guztira, 23 bikotek hartu dute parte, horietatik hamar emakumezkoetan eta hamahiru gizonezkoetan. Hala, asteburu honetan jakingo dira txapelketako irabazleen izenak. Parte-hartzailetako batzuk elgetarrak dira, baina Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Alegia, Asteasu, Ormaiztegi eta Urretxuko bikoteak ere izan dira.

Emakumezkoak

Aurtengo txapelketan emakumezkoek eman dute sorpresa; izan ere, hamar bikotek eman dute izena. Zazpi bat emakume ari dira antolaketan, horien artean Idoia Serna: "Oso pozik gaude parte-hartzaile kopuruarekin eta, bereziki, txapelketan parte hartzen ari diren emakumezkoekin. Ez dakigu nondik izan duten txapelketa honen berri, baina gu pozik gaude parte hartu izanagatik". Hala, igandean jokatuko dira emakumezkoen finalerdiak eta bikote hauek arituko dira: Zabala-Zamalloa, Rubio-Mañarikua, Bravo-Serna eta Erraste-Elkoro.

Igandean baita ere finala jokatuko dute emakumeek. Mireia Rubiok eta Maitena Mañarikuak osatzen duten bikotea, esate baterako, elgetarra da eta urte osoan aritzen dira frontenisa jokatzen eta txapelketetan parte hartzen. Aretxabaletan jokatu zen txapelketan, besteak beste, parte hartzen aritu zen bikotea.

Gizonezkoak

Emakumezkoen finalerdietako bikoteak zeintzuk diren jakina bada ere, gizonezkoetan dena dago jokatzeko oraindik. Bihar, kanporaketak jokatuko dira, eta, guztira, hamaika norgehiagoka izango dira. A multzoan, dagoeneko bi bikote hurrengo faserako sailkatuta daude, aurretik jokatutako partiduetan lortutako puntuazioa dela eta: Etxaniz-Amoros eta Medina-Gallastegi. Gainontzekoek bihar jokatuko dituzte dagozkien kanporaketak eta igandean izango dira finalerdiak eta finala.

Asula-Ayastui bikotea

Gizonezkoen B multzoan dagoen bikote horrek ez du txapelketako partidurik jokatu oraindik; beraz, bihar, zapatua, sei norgehiagoka izango ditu aurretik. Sernak, horren harira, honako hau esan du: "Sei norgehiagoka asko dira egun berean jokatzeko eta ez dakit bikote honek jokatu beharreko partidu guztiak jokatuko dituen. Gu baikorrak gara eta baiezkoan gaude".

Luntxa igandean

Igandean jakingo dira txapelketa horretako irabazleen izenak, eta, partidu guztiak jokatu ostean, parte-hartzaile guztientzat luntxa egongo dela adierazi du Sernak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak