Anthony Blake (mentalista): "Publikoaren eskuetan dago ikuskizun osoa"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mai. 10a, 16:29
Anthony Blake mentalistak bi saio egingo ditu asteburuan Elgetako Espaloia antzokian.

Sarritan izan da Elgetako Espaloia antzokian, eta aretoa bete izan du beti. Aspaldi etorri barik, Pensamientos confidenciales ikuskizun berriaren bi saio eskainiko ditu asteburuan: bihar, zapatua, 22:00etan, eta etzi, 18:00etan. Sarrerak, aurrez, 18 eurotan eros daitezke Kulturhiru.eus atarian, Elgetako Rincon de Lola tabernan eta Bergarako Eruan eta Tartufo tabernetan; leihatilan 22 eurotan izango dira.

Oso gustuko duzu Elgeta; zergatik?

Profesionalki zein pertsonalki izan dudan bizipen onenetarikoa izan dut Elgetan. Lehenengo aldiz joan nintzenean, egoera politikoa oso nahastuta zegoen Euskal Herrian, baina hasieratik oso ondo ulertu genuen elkar, eta oso harreman ona egin nuen garai hartan antzokia kudeatzen zuen taldearekin. Harrezkero, lagunak ditut, eta deseatzen nago Elgetara itzultzeko.

Orain dela hiru urte izan zinen azkenekoz; nondik nora ibili zara?

Espainiako Estatu osoan eta baita Ameriketan ere; sei hilabete egon nintzen Miamin bizi izaten, eta, horrez, gain, Mexikon eta AEBetan biran ere bai.

Lan berriarekin zatoz; zelakoa da?

Ikuskizun aldakorra eta bizia da; ikusleen oroitzapenak eta bizipenak harrapatzen saiatuko naiz. 90 minutuan, ikusleak ezagutu barik, euren bizitzako hainbat detaile emango dizkiet, une hartan zertan pentsatzen ari diren kontatuta. Publikoaren eskuetan dago ia guztia; azken finean, ikusleek erabakitzen dute nolako saioa egin nahi duten. Arrazoiari erronka bat da!

Jende askok ezagutzen zaitu hemen; ariketa berriak dituzu oraingoan?

Bai, horixe; aurreko ikuskizunetako oso nireak diren pare bat ariketa izan ezik, beste guztiak berriak dira. Errepikatuz gero, ni naiz aspertzen lehena.

Ez da erraza izango horrenbeste urtetan gauza berriak asmatzea.

Ez diot sekula ikasteari utzi. Izan ere, liburutegi ikaragarria dut, eta handik ateratzen ditut ideia berriak. Badira hainbat alditan irakurri ditudan liburuak; garai ezberdinetakoak ditut, eta gauza berriak berrasmatzeko baliagarriak zaizkit. Egunero bizpahiru orduz irakurtzeko ohitura dut. Ez dago sekreturik, etengabe entseatu eta pasioa jarri!

Jende askok oso gustuko du mentalismoa, baina beste askori beldurra ematen die. Zer esango zenieke horiei?

Euren kontuei buruz adierazi edo esan nahi ez duten zerbait jakingo dudan beldurra dute batzuek, baina lasai egoteko esango nieke, nire asmoa ez da inor lotsaraztea edo sufriaraztea. Segituan sumatzen dut nor dagoen jolasteko prest; hortaz, jolastu nahi ez duen ikuslea bakean uzten dut; une goxo bat pasatzera dator, eta hala izango da nire partetik.

Ze unetan zaude?

Profesionalki eta pertsonalki oso ondo; hastapenetan besteko ilusio berarekin jarraitzen dut, eta badirudi krisi ekonomikoaren eragina ari garela gainditzen, hala sumatzen dut aretoetan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak