40 bat lagunek jarraitu zituzten Rebeka Uberaren galderak erantzunez bi politikariek emandako azalpenak. Hizpide izan zituzten, besteak beste, gaur egungo egoera politikoa, Kataluniako prozesa, politika egiteko modu batzuk eragin duten prestigio eza, eta batez ere euskal errepublika bat eraikitzearen premia. Iriartek oso argi du posible dela herritar denen bultzadarekin.
"Gauzak hobetu daitezke, eta hobeto egon gaitezke. Euskal errepublika independente bat posible da. Guztion artean egin behar dugu. Gutako bakoitza da garrantzitsua errepublika hori eraikitzeko", adierazi du. "Ekarriko luke guk gure burua gobernatzea eta Europako beste Estatu batzuen pare aritzeko gai izatea. Horrekin batera egunero-egunero gure bizitzan zerikusia duten politikak egikaritzeko aukera edukitzea. Hezkuntzarekin, adibidez, gertatzen zaigu. Guk gure hezkuntza sistema nahi izatea, baina Espainiako gobernuak LOMCE aplikatu behar dela esatea. Edo guk nahi izatea pentsiodunei pentsio duin batzuk ematea, baina Espainiaren baitan dago gure pentsiodunek jasotzen duten pentsio sistema. Eta hizkuntzari, enpleguari, feminismoari… dagozkion gaiak ere hor daude. Jendarte bat eraikitzeko behar ditugun politika horiek guztiak guk gure jendarte honetan erabakiko genituzke, eta ez Espainiak aginduta".
Elgetako hautagaitza
Ekitaldian izan ziren, nola ez, Elgetako EH Bilduko hautagaitzako kideak. Iraitz Lazkano alkategaiak garrantzia ematen dio erakunde ezberdinetan lanean diharduten EH Bilduko kideen arteko elkarlanari. "Lanean dihardugun jendea gara eta gaurko ekitaldiak balioko du ikuspegiak bateratzeko eta aurrera begirako plangintzak egiten jartzeko. Nire ustez herri txikiak askotan plangintzetako azken tokietan gelditzen gara. Ekitaldi hau garrantzitsua da ikusten hasteko herri txikiok badugula etorkizuna, eta badagoela hemen jendea prest herriaren alde lan egiteko".