Aintzane Oiarbide izango da EAJren alkategaia Elgetan

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko api. 23a, 18:00

Aintzane Oiarbide, Foru Aldundiko Bide Azpiegitura diputatua izango da Elgetako EAJko zerrendaburua. Bergarako EAJren alkategaia izan zen 2011ko Udal hauteskundeetan eta EAJren bozeramaile 2011-2015 agintaldian Bergarako Udalean.

Hautagai jeltzaleak esan du herria gaur egun "blokeo" eta "atasko" egoeran dagoela, "etorkizuneko proiekturik gabe", eta bere egiteko nagusia izango dela geldialdi hau gainditu eta "herriari behar duen bultzada ematea".

Elgetako EAJk ez du lortu zerrendako buru izango den herritarrik eta Oiarbidek baietza eman dio aukera horri. Antzeko egoeran izan zen 2011n Antzuolako EAJ ere. Orduan Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarra jarri zuen EAJk alkategai. Horrenbestez, Bergaran bizi den oreretarra izango da Elgetako EAJren hautagaitzaren 9 laguneko zerendako burua.

Honakook osatzen dute zerrenda osoa:

  1. Aintzane Oiarbide Iruretagoiena.
  2. Irune Berasaluze Lazkano.
  3. Josu Leturia Berasategi.
  4. Mikel Zubiaurre Maillo.
  5. Ana Gillegi Etxebarria (independentea).
  6. Patxi Basauri Elkoro.
  7. Idoia Ubera Lete.
  8. Begoña Arozena Sagastigutxia.
  9. Mikeldi Garmendia Lete.

2015eko Udal hauteskundeetan EAJk ez zuen zerrendarik aurkeztu Elgetan. Gu Geu Elgeta plataforman joan ziren EAJko hainbat kide, beste hainbat independenterekin batera.

Elgeta "utzikerian erorita"

Gipuzkoa Buru Batzarretik hedabideetara bidali duten oharraren bidez, Aintzane Oiarbidek zera gogoratu du: "Gure hautagaitzan erakundeetan esperientzia duen jendea eta Elgetako beharrak ondo ezagutzen dituen elgetar taldea izango dira etorkizuneko proiektuaren alde lanean. Azken urteotan Elgeta paralisian egon da, herri proiekturik gabe, utzikerian erorita eta talde honekin EAJk paralisi horretatik atera eta ilusiozko proiektuari ekingo dio".

EAJk 2004tik ez du irabazi Elgetan. 2007an eta 2011n Aralarrek –Oxel Erostarbe– lortu zuen alkatetza eta 2015ean EH Bilduk –Iraitz Lazkano–. Aurretik, Patxi Basauri izan zen alkate 1976tik 2007ra arte, hasierako agintaldiak independente moduan eta ondoren EAJren izenean.

Oiarbide alkategaiak alderdi jeltzaleak Elgetako Udalean izan duen ibilbidean ere jarri du azpimarra: "Aurten 40 urte betetzen dira lehen hauteskunde demokratikoak egin zirenetik eta EAJ hor egon da urte gehienetan, elgetarren alde lan egiten", adierazi du. Puntu honetan, "bihotzez" eskertu du urteetan zehar udalean lan egin duten alderdikideek egindakoa, eta haien "aurrekoek ireki zuten bidetik jarraitzeko" asmoa agertu du.

Horretaz gain, gogoratu du gaur egun EAJ agintean dela bai Foru Aldundian zein Eusko Jaurlaritzan eta, hau honela izanda, "aukerarik onena" dela elgetarrentzako ere. "Elgetak bizia behar du, ez dadin lotarako herri huts bilakatu, eta horretarako herritarrekin lanean aritzeko asmo sendoa daukagu” esan du Oiarbidek.

"Lan talde serioa"

Maiatzaren 26ko hauteskundeei begira, Aintzane Oiarbidek azaldu du ordezkatzen duen alderdiak "lan talde serioa" aurkezten duela, "esperientzia, talentua eta batez ere herriaren alde lan egiteko ilusioa" uztartzen dituena eta gaineratu du datozen egunetan egingo dela talde osoaren aurkezpena Elgetan, nahiz eta aurrez eskertu nahi izan dion hautagai bakoitzari zerrendako kide izateko hartutako konpromisoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak