Aixolako bide zaharrak, une batez agerian berriz

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko api. 17a, 09:18

Egunotan, nabarmen aldatuta dago paisaia aixolan. zebra-muskuiluaren hedapena neurtzeko egindako hustuketa lanek zenbait bide eta horma zati azaleratu dituzte. auzotarrek, dena den, oraindik ere sakonera handia dagoela ziurtatzen dute.

Abenduaren 31n, 37 urte beteko dira Aixola urtegiko lanak amaitu zirela. Ordutik, urpean daude auzoko hainbat etxe, eta elgetar askok argazkien edo auzotar nagusienei entzundakoen bitartez bakarrik izan dute horien berri. Hala, ur maila jaisteko lanek, orain, zenbait bide eta horma zahar utzi dituzte agerian. Aurreko astelehenean ekin zioten hustuketari eta astebeteko epean dezente egin du behera ur mailak.

Jose Mari Zubierrementeria Aixolako Beko Errota etxeko semea da, eta sarri ibiltzen da inguruan. "Oso gutxi ikusten da oraindik, oso gutxi. Askoz ere sakonera handiago dago", azaltzen du. Gogoan du egunotakoa baino ur maila txikiagoa izan dela urtegian behin baino gehiagotan. "Sikateak egon ziren urtegia bete eta lasterrera, eta Ola-Zar errotako aztarnak ere agerian gelditu ziren orduan. Baina hori oso behera dago oraindik". Azaltzen du auzoko bide zatiak direla agertu direnak. "Erreka ondotik bidea zegoen eta baita ere Eibarrera, Ermura, Elgetara, Kanpanzar aldera...".

Urtegiko horma ingurua ere bistan

Urtegiko horma nagusian da bereziki agerikoa egunotan emandako ur mailaren jaitsiera. Zubierrementeriak dio ez dela denbora asko ur maila gaur egungo neurrian egon dela. "Ur isuriak zeuden nonbait, eta konponketa lanak egiteko hustu zuten urtegia. Hilabete inguru egon zen ur maila jaitsita, hurrengo euria egin eta berriz bete zen arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak