Elgetako Piñukoku taldeko kideek enduro diziplinako martxa antolatu dute apirilaren 27rako

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko api. 15a, 09:42
Elgetako zale bat basoan saltoa egiten.

25 bat kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta egunean bertan izango dira izen-emateak, plazan. Taldeko kide Etor Garatek eman dizkigu azalpen gehiago.

Hiruzpalau orduko buelta izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. Parte-hartzaileak 09:00etan abiatuko dira plazatik eta bidea seinaleztatuta izango dute. Goikomendiri ezkerraldetik buelta eman eta Karabietatik Azkonabietara egingo dute rider-ek. Hor izango du hasiera lehenengo jaitsierak. Arraozerainoko jaitsiera dago prestatuta, baina erdi pare inguruan gelditu eta berriz egingo dute Karabietara txirrindulariek. Goikomendira igo eta tontorretik presarainoko jaitsiera egingo dute. Santamarinazar izango da hurrengo helburua. Bertatik San Romango bidera jaitsiko dira. Azkenik, Elgetako zaleek prestatu duten azken jaitsiera egingo dute, eta Aixolako presan emango diote amaiera martxari.

Enduro diziplinako martxa dela azpimarratu dute antolatzaileek eta jakinarazi dute ibilbideak baduela kontuan hartzeko modukoa den zailtasun maila bat: "Igoera eta jaitsiera teknikoak daude eta beharrezkoa da gutxieneko jakintza bat. Eguraldi txarra bada, zer esanik ez!". 08:00etan zabalduko dute izen-ematea, herriko plazan.

---

Etor Garate: "Bideak landuta daude eta oso ibilbide politak ditugu eginda"

 

Urtebete pasatxo da herriko endurozaleek taldea sortu zutela. Martxa antolatzeko, elkarte izaera ere eman diote.

Zenbat zarete taldean?

Enduroa egiten dugunak hamar bat gara. Mendiko bizikletarekin hasi ginen eta gero etorri zen enduroa. Elgetan aldapa asko dago eta exijentzia handiko terrenoa izan daiteke, baina ingurunea oso polita da.

Jende asko espero duzue lehenengo martxarako?

Ez da erraza izango jende asko etortzea. Elgeta ezagutzen dutenek badakite hemen zein zailtasun maila dagoen. Gure lehen martxa izanik, helburua da ingurukoei lekuak erakustea eta egunaz disfrutatzea.

Aholkurik emango zenuke?

Ibilbide nahiko exijentea da eta eguraldiak eragin handia izango du. Gurpil-azalak ondo aukeratu eta suspentsioa zein pija delako zela-tutua puntuan ekarri.

Lan handia izan da martxa antolatzea?

Aseguru-etxeak elkarte izaera eskatu digu eta orain amaitu dugu hori. Bestalde, bidezidorrak ondo edukitzea lana da. Mantentze-lanei denbora dezente eskaini diegu azkenaldian. Gure gusturako ibili gara, eta orain lan hori eginda dago neurri handienean.

Afiziorik bada inguruan?

Gero eta handiagoa. Ibiltzeko lekuak ere gero eta gehiago daude, eta horrek erakarri egiten du jendea. Gaur egun, mendiko bizikletako martxa askotan sartzen dituzte enduro modalitateko tarteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak