Elgetako Udalak eta Herrixa Dantzan egitasmoak antolatuta, abesbatza emanaldia eta dantza saioa izango dira domeka arratsaldean Espaloian. Northern Harmony Ameriketako Estatu Batuetako abesbatzak Bulgaria, Georgia, Korsika, Hego Afrika eta Ameriketako kanta tradizionalak abesten ditu eta bira egiten ari da hainbat tokitan zehar: Ingalaterran, Frantzian eta Euskal Herrian, hain zuzen ere. Hala, domekan Espaloian eskainiko duten emanaldia birako azken emanaldia izango da; 18:00etan hasiko da. Abesbatzaren emanaldia amaitzen denean, kontradantza saioaren txanda izango da, Jeremy Carter Gordonekin. Dantza eta kantu tradizionalen irakaslea da hura eta banjoa ere jotzen du. 2009az geroztik, gainera, modalitate horretako dantza ikastaroak ematen ditu. Hala, domekan, Ameriketako kontradantzak eta beste dantza batzuk eskainiko ditu. Sarrera debaldekoa izango da, baina amaieran borondatea eskatuko dute.