Herri Korrika, bihar
Bihar, hainbat ekintzarekin gozatzeko aukera egongo da Elgetan. 15:00etan, Korrika Txikia hasiko da herri eskolatik, eta ondoren, Guraso Elkarteak antolatutako txokolate-jana izango da. Horrez gain, apirilaren 2an izan zen Haur Liburuaren Eguna eta apirilaren 23an izango den Liburuaren Eguna aitzakia hartuta, Geaxi Ezpeletak plazara aterako du liburutegia 16:00etatik 18:00etara bitartean. Ordu tarte horretan, 17:00etan, hain zuzen ere, Elgetako liburutegiak antolatutako Sorgina txirulina ipuin kontaketa musikatua hasiko da. Horren ostean, 18:30ean, egingo da Herri Korrika. Bertan, Elgetako hainbat elkartek hartuko dute parte –23 izango dira– eta honako hau da egingo duten ibilbidea: San Roke, Artekale, Bolatokia, Salvador eta herriko plaza. Ondoren, Elgetako 21. Korrikako argazki proiekzioa egingo dute. Biharko egitaraua bertso afariarekin amaituko da. Izan ere, Ozkarbi elkartean izango da saioa eta Onintza Enbeita eta Sustrai Colina bertsolariak arituko dira. Afaria, berriz, Ozkarbi elkarteko kideek prestatuko dute. Aipatu behar da bihar iluntzeko saiorako sarrera guztiak salduta daudela.
Zunba beroketa, etzi
Bergarako kilometroa egin aurretik, zunba beroketak egingo dituzte plazan, eguerdiko hamabietan.