Berezia izango da Aste Santuko oporrak hartu aurretik dagoen eskola astea, Elgetan. Asmakizunak, hitz jokoak, kultura zirkuitua... Askotariko ekintzak egingo dituzte egunero. Bestetik, gelaz gela ere ibiliko dira ikasleak batzuk besteei kontalaritza saioak eskaintzen, eta Korrika Txikia prestatzeko egunak ere izango dira; izan ere, barikurako iragarri dute, eta prestatu behar dira ibilbidea, petoak eta txapak.
Atzo, astelehena, Elgetako eguneko zentroan izan ziren bisitan LH 5 eta 6 mailetako neska-mutikoak. Gaur, martitzena, liburutegira egingo dute irteera LH 1eko ikasleak. LH 6koak ere joango dira liburutegira. Eguaztenean izango da hori.
Eneko Etxegarai, Haur Hezkuntzakoekin
Bisita berezia izango dute eguaztenean Haur Hezkuntzako neska-mutikoek. Eneko Etxegarai idazlea etorriko zaie bisitan, eta ziur ipuin bat baino gehiago kontatzen dizkiela.
Barikuan, Korrika Txikia
Bi asteko oporrak hartu aurretik Kultura Asteko sarien banaketa eta Korrika Txikia egingo dute eskolako ikasleek eta irakasleek.
Korrika Txikia 15:00etan abiatuko da ikastetxetik eta ibilbidearen berri ere eman dute. Eskolatik abiatuta Domingo Iturbe kaletik gora egingo dute kale amaierako biribilguneraino. Bueltan etorri eta San Roke kalea jaitsiko dute. Kataian errepidea gurutzatu eta Salbador kalea igo eta jaitsiko dute Mendizaleen plazan amaiera emateko.
Parte hartzera deituta daude gurasoak zein herritarrak. 16:00etan txokolate-jana eskainiko du Maala guraso elkarteak.