Gaskoniako dantzekin egindako dantzaldiak 70 bat lagun elkartu ditu, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 31a, 23:24

Joan Frances Tisnerrek hiru bat orduko saioa egin du Espaloian, eta berehala bereganatu ditu parte-hartzaileak. Iragarri moduan Gaskoniako dantzak ekarri ditu eta dantzekin batera musika eta okzitaniera hizkuntza.

Gaskoniako dantzen inguruko tailerrarekin eman diote hasiera arratsaldeari Elgetan, eta 41 lagun elkartu dira Joan Frances Tisnerrek Patxi Monteroren laguntzarekin gidatu duen ikastaroan. Bearnotarrak hainbat dantzaren eta pausoren berri eman du eta gustura ibili dira parte-hartzaileak.

Ondoren etorri da dantzaldia. Beste 30 bat lagun gehitu dira ekitaldira eta Tisnerrek proposatutako dantzak egin dituzte borobilean, binaka, sokan... Jauziak, branleak, rondeaux edo sokan egiteko dantzak eta kontradantzak egin dituzte gehienbat. Guztiak Tisnerren musikaren erritmopean. Tuntunarekin eta soinu diatonikoarekin egin du musika bearnotarrak, baina baita ere oinekin eta eskuetan, eta nola ez ahotsarekin. Hain zuzen ere, okzitanieraz abestu ditu dantzarako doinuak.

Hutsik egiten ez duten parte-hartzaile ugari ditu Elgetako Herrixa Dantzan ekimenak, eta gaurkoan ere asko elkartu dira Espaloian. Gustura egin dute dantzan; izan ere, gertukoa izan da Tisnerrek saioari eman dion aldartea. Azalpen asko eman ditu eta dantzara ere animatu da behin baino gehiagotan. Kantuan ere ipini ditu parte-hartzaileak.

Dantza tradizionalak ondo ezagutzen dituela erakutsi du, eta agerian utzi du tokian tokiko ezaugarriek duten garrantziarekin batera dantza askok antzekotasun ugari dituztela beraien artean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak